DOT Durangaldea

Durangoko Merkatuak tokiko produktua bultzatuko du HAZIrekin egindako hitzarmen bati esker

Akordioak merkatuaren dinamizazioa urtebetez finantzatzea ahalbidetuko du, hainbat jardueraren bidez

Ekimenak Udalaren eta HAZI Fundazioaren finantzaketa bateratua izango du.

DURANGO | Durangok gaur goizean aurkeztu du merkatu plazan Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, HAZI Fundazioaren bitartez, sinatutako aliantza estrategikoa, Durangoko Merkatua tokiko produktuaren eta merkataritza-dinamizazioaren erreferente bihurtzeko helburuarekin. 12 hilabeteko iraupena izango duen hitzarmenak 80.000 euroko aurrekontua izango du, bi erakundeek %50ean finantzatuta, eta urte osoan jarduera sortuko duen merkatu moderno, bizia eta jasangarria sendotzea du xede.

Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi du merkatua “salmenta gune bat baino askoz gehiago” dela, eta topagune eta tokiko ekonomiaren motor gisa indartzeko apustua egin du. Helburua da gertuko produktua sustatzea, baserritarrak babestea eta tokiko merkataritza indartzea. Testuinguru horretan, Udalak merkatu plazan gaur egun hutsik dauden bost postuen lizitazio-prozesuan aurrera egiten jarraitzen du; lau enpresa aurkeztu dira, eta alkatearen arabera, esleipena datorren astean ebatzi liteke, beti ere dokumentazioa osorik badago astearteko kontratazio-mahaian.

Jarduerak

Dinamizazio-programak gastronomia, kultura eta hezkuntza uztartuko ditu. Showcooking saioak, sukaldaritza jasangarriko tailerrak, dastatze gidatuak eta produktu-aurkezpenak antolatuko dira, baita jendetza handiko egunetan dastaketak, parrilladak eta ibilbide gastronomikoak ere. Halaber, tokiko produktuei lotutako haurrentzako, familientzako eta gazteentzako sukaldaritza tailerrak egingo dira, eta ikastetxeekin lankidetzan jarduera pedagogikoak garatuko dira, errezeta-liburuxkak eta dinamika parte-hartzaileak barne, ekoizleen dendarekin eta zapatuetako merkatuko baserritarrekin elkarlanean.

Bestalde, HAZIko zuzendari nagusiak, Raimundo Ruiz de Escuderok, nabarmendu du ekimenak ikuspegi argi bati erantzuten diola: udal-merkatuak gune “moderno, jasangarri eta ekonomikoki bideragarri” bihurtzea, non tokiko produktua ardatz nagusia izango den eta lehen sektoreak ikusgarritasuna eta balio erantsia irabaziko dituen.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top