DOT Durangaldea

Landa-bideetarako 5 milioiko foru plana aurkeztu da Garain

Aldundiaren programa berriak 83 landa-udalerriri egingo die mesede, eta jarduketen %75erainoko finantzaketa aurreikusten du

Udal eta foru ordezkariak

GARAI | Gaur goizean, Garain, Bizkaiko Foru Aldundiak landatartasun handiena duten udalerrientzako ezohiko laguntzen programa berria aurkeztu du. Guztira, 5 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du ekimenak, eta helburua da landa-bideak hobetu eta mantentzea, udalerri txikienek azpiegitura horiek mantentzeko dituzten zailtasunei erantzunez.

Aurkezpenean Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia izan da, Garai­ko alkate Erramun Osarekin batera, eta bertan izan dira foru eta udal ordezkariak ere. Etxanobek azaldu duenez, programa honek “udalerriek eskualde-topaketetan egindako eskaera errepikatu bati” erantzuten dio, eta nabarmendu du Bizkaia “ez dela soilik azpiegitura handiekin eraikitzen”, baizik eta eguneroko azpiegitura txikien zaintzarekin ere, lurralde-kohesioa bermatzeko.

Funtsezko laguntzak

Bestalde,  Osak azpimarratu du udalerri txikientzat laguntza mota hauek funtsezkoak direla. “Landa-bideez ari garenean, sakabanatuta bizi diren pertsonak jartzen ditugu erdigunean”, adierazi du, bide horiek eguneroko mugikortasuna errazten dutela eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dutela azpimarratuz.

Programa Bizkaia Denontzat estrategiaren barruan kokatzen da, eta landatartasun-mapa eta biztanleria-dentsitatea hartuko ditu kontuan dirulaguntzen portzentajea zehazteko. Guztira, 83 landa-udalerrik jaso ahal izango dituzte laguntzak, udalerri bakoitzeko 60.000 euroko gehieneko zenbatekoarekin. Dekretu arautzailea udaberrian argitaratzea aurreikusten da, eta laguntzak 2027ko apirilera arte justifikatu ahal izango dira.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top