Otsailaren 4an, herriz herri aterako dira santa-eskean makilak eskuan hartuta, lurra esnatzeko eta udaberriaren etorrera iragartzeko

DURANGALDEA | Ohiturari eutsiz, gaur, otsailaren 4an, Durangaldeko txoko askotan santa-eskean aterako dira herritarrak, makilak eskuan hartuta eta Santa Agedako koplak kantatuz. Kalez kale ibiliko dira, lurra esnatzeko asmoz, erritmoa markatuz eta ahotsak altxatuz.
Tradizioak dioenez, lurra kolpatzearen bidez natura iratzarri nahi da, udaberriaren etorrera iragarriz eta lurraren emankortasuna sustatuz.
Hasiera batean, Santa Ageda bezperan mutil gazteak bakarrik ateratzen ziren kantura; denborarekin, ordea, ohitura zabaldu egin zen, eta gaur egun emakumeek zein adin guztietako herritarrek parte hartzen dute.
Historiaren arabera, Ageda Siziliakoa zen. Quinciano gobernadorearen ezkontza-proposamena baztertu ondoren, kartzelaratu egin zuten, eta han tortura gogorrak jasan zituen. Kondairak dio bularrak moztu zizkiotela, eta 21 urterekin hil zela. Kristautasunean, Europako mendebaldeko lehen birjina martiriatzat hartzen dute Santa Ageda, Agate Deuna izenez ere ezaguna.
Bere istorioak hunkituta, edo agian bestelako sinbolismoek bultzatuta, haren irudia indarrez txertatu zen Euskal Herriko tradizioetan. Zenbaiten ustez, itsasgizonek ekarri zuten; beste batzuek, aldiz, neguko solstizioarekin lotzen dute. Hortik dator, hain zuzen ere, lurra esnatzeko erritoaren jatorria.



