DOT Durangaldea

Ireki da Durangoko Merkatuan bost postu esleitzeko lizitazioa

Lizitazioaren bidez bost postu esleituko dira: horietako bat (1. postua) merkataritza-jarduerarako izango da, eta beste lauak (5., 6., 7. eta 8. postuak) elikadura-jardueretarako

Momentu honetan bost postuak hutsik daude

DURANGO | Udalak lizitazio publiko berri bat jarri du abian, Durangoko Merkatuan hutsik dauden bost posturen erabilera jabari publikoko emakidaren bidez esleitzeko.

Deialdi honetan 1., 5., 6., 7. eta 8. postuak eskaintzen dira, bakoitza ezaugarri zehatzekin. 1. postua, 40 m²-koa, merkataritza-jarduera irekirako da. 5., 6., 7. eta 8. postuak, 24 eta 30,5 m² bitartekoak, elikadura-jarduera irekietarako dira, dagoeneko ordezkatuta dauden jarduerak izan ezik. 0 kilometroko produktuei, elikagai prestatuiei, frutei, okindegiei, gozotegiei, delicatessenei, solteko produktuei, sushiri, gaztai, arrautzei edo ahatetik eratorritako produktuei lotutako proposamenak lehenetsiko dira.

Postuak hutsik daude; beraz, esleipendunei dagokie beharrezko instalazio eta lotura guztiak egitea. Hasierako emakida urtebetekoa izango da, eta hamar urtera arte luzatu ahal izango da. Uko egitea edozein unetan jakinarazi ahal izango da, hilabete lehenago aurrez ohartarazita.

Emakidak irauten duen bitartean, postuak astelehenetik larunbatera egunean gutxienez bost orduz irekita egon beharko dira, 08:30etik 21:00etara bitarteko ordutegi orokorrean. Halaber, derrigorrezkoa izango da Udalak antolatutako jardueretan parte hartzea, horien artean hilean gehienez bi arratsaldetan irekitzea, ahal dela ostegunetan.

Durangoko Udalak, Dendak Bai elkartearekin lankidetzan, laguntza eta aholkularitza zerbitzua jarriko du herritarren eskura, Merkatu Plaza dinamizatzeko eta berritzeko prozesuarekin lotutako eskaerak errazago izapidetzeko. Neurri horren helburua da interesdun guztiek aukera hori modu erraz eta eraginkorrean eskuratu ahal izatea bermatzea.

Mireia Elkoroiribe alkateak ekimen honek udalerriarentzat duen garrantzi estrategikoa nabarmendu nahi izan du: “Aukera bikaina da Merkatu Plaza berritzen eta dinamizatzen aurrera egiten jarraitzeko, gero eta jende gehiago biltzen duten eta fluxu finkoa duten postuekin. Gune hau topagune bizi eta dinamiko bihurtzea nahi dugu, lehen sektorea, tokiko merkataritza, kultura eta durangarrak protagonista izan daitezen”, adierazi du.

Jarduera esleipenaren datatik gehienez 90 eguneko epean hasi beharko da. Kanonari dagokionez, erreferentziazko zenbatekoa 11,31 €/m² hileko da. Horrek esan nahi du, postuaren arabera, urtean 3.247 eta 5.428 euro arteko kanona izango dela, eta horrek hilean 270 eta 452 euro arteko kostua ekarriko duela.

Interesdunek eskaintzak modu elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte otsailaren 9ra arte, Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez: https://www.contratacion.euskadi.eus, non dokumentazio eta baldintza guztiak kontsulta daitezkeen.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top