Izen-ematea otsailaren 13ra arte izango da zabalik eta edizio honetan, 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, bi kategoriatan banatuta

DURANGO | Durangoko Udaleko Berdintasun Sailak , Musikaren bidez genero berdintasunaren aldeko mezuak aitortu eta zabaltzea helburuarekin Durangoko Berdintasun SailakM8 Abesti Feministen Lehiaketaren edizio berri bat abiatu du . Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldien baitan, lehiaketak konpromiso soziala duen sorkuntza artistikorako gune bat eskaintzen du.
Edizio honetan, 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, bi kategoriatan banatuta: 16 eta 30 urte bitartekoak, eta 30 urtetik gorakoak. Bereziki ahalduntzea, sororitatea, genero aniztasuna, desberdintasunen salaketa edo indarkeria matxistaren aurkako borroka bezalako gaiak jorratzen dituzten jatorrizko abestiak baloratuko dira, bai letraz bai musikaz.
Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi abesti aurkeztu ahal izango ditu, propioak edo bertsionatuak, gehienez ere hamar minutuko iraupenarekin. Musika estilo guztiak onartzen dira. Letra euskaraz edo gaztelaniaz ez bada, itzulpena erantsi beharko da. Emanaldiak “a capella”, instrumentuekin edo MP3 formatuko oinarri musikalarekin aurkeztu ahal izango dira.
Izen-ematea eta bozketa
Izen-ematea otsailaren 13ra arte izango da zabalik, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Parte hartzeko, inprimakia, PDFko letra, ikus-entzunezko grabaziorako esteka bat (YouTube) eta, finalista izanez gero, behar teknikoak aurkeztu beharko dira. Martxoaren 5ean, epaimahaiak hautatutako hamabi abestien zerrenda argitaratuko du.
Behin abesti-zerrenda argitaratuta, bozketa epea irekiko da martxoaren 6tik 27ra (12:00ak arte) www.partehartu.durango.eus webgunean. Durangon erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek hartu ahal izango dute parte, abesti bakarra aukeratuz.
Prozesua amaitzeko, finalaren ekitaldia martxoaren 28an egingo da, 19:00etan, Plateruena Musika Aterpean. Bertan, finalistek beren abestiak zuzenean abestuko dituzte. Emanaldien ondoren, epaia jakinarazi eta sariak banatuko dira.
Sarien artean, 30 urtetik beherakoen kategorian bakarlari eta taldeko abesti onenek 600 euro garbi jasoko dituzte, eta 30 urtetik gorakoen kategorian, berriz, 500 euro. Horrez gain, publikoaren saria eta euskarazko abesti onenaren saria ere banatuko dira, biak 350 eurokoak, baita 130 euroko aipamen bereziak ere. Zenbateko guztiak dagokion fiskalitateari lotuta egongo dira.
Epaimahaia Berdintasun Arloko teknikari batek, tokiko mugimendu feministarekin edo Berdintasunerako Udal Kontseiluarekin lotura duten bi emakumek eta esperientzia musikala duen pertsona batek osatuko dute.
Deialdi hau 2025–2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren esparruan kokatzen da eta 4.500 euroko aurrekontu zenbatetsia dauka.
Durangoko Udalak herritarrei lehiaketaren edizio berri honetan parte hartzeko deia egiten die, bereziki, musika gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiltzen dutenei.
Informazio gehiagorako eta izen-ematea egiteko, jo www.durango.eus edo www.partehartu.durango.eus webguneetara.


