Tokiko Enplegu Planak sei emakume kontratatu ditu, eta zerbitzua eskatu nahi duten pertsonek izena eman dezakete dagoeneko

DURANGO | Durangoko Udalak goizean aurkeztu du Tokiko Enplegu Plana, bakardade ez-desiratua bizi duten pertsona helduei laguntza eskaintzera bideratuta. Lanbideren 75.000 euroko dirulaguntzari eta Udalaren 3.638,73 euroko ekarpenari esker, sei emakume kontratatu dira —zerbitzuko koordinatzaile bat eta bost laguntzaile—, denak 45 urtetik gorakoak eta 75%eko lanaldiarekin. Taldeak urtarrilaren 26an ekingo dio lanari, eta programa ekainaren 30era arte luzatuko da. “Programa honek kolektibo kalteberentzat lan-aukerak sortzeaz gain, gure komunitatearen gizarte-premia nagusietako bati heltzen dio: bakardade ez-desiratuaren aurkako borrokari”, nabarmendu du Jésica Ruiz Gizarteratze zinegotziak.
Zerbitzua adin nagusiko pertsonei zuzenduta dago, eta erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokituko da. Arantza Maiztegi Gizarte Ekintzako teknikariak azaldu duenez, bakardadeak oso profil desberdinei eragiten die: “Tradizionalki bakardadea adinekoekin lotzen den arren, gaur egun fenomeno horrek gazteei, migratzaileei edo desgaitasuna duten pertsonei ere eragiten die. Bakarrik sentitzen diren pertsona guztiei lagundu nahi diegu, haien adina edo egoera edozein dela ere”. Kontratatutako profesionalek prestakuntza psikosoziala jasoko dute eta konfiantzazko harremanak sortzea, baliabide komunitarioetara konektatzea eta autonomia sustatzea izango dute helburu.
Programaren erabiltzaile izateko izena emateko epea irekita dago. Bakardadea sentitzen duen edozein pertsona helduk eska dezake laguntza, gekintza@durango.eus helbidera idatziz, Adinekoen Zentrora joanez edo Gizarte Zerbitzuekin eta tokiko elkarteekin harremanetan jarriz. Bestalde, Durangoko Udalak tokiko enplegua sustatzeko dirulaguntza-deialdi berria ere jarri du martxan, eta 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartean sinatutako kontratuak dituzten enpresek 2026ko otsailaren 13ra arte aurkeztu ditzakete eskaerak.


