Eskaerak aurkezteko epea 2025eko abenduaren 15era arte izango da zabalik

DURANGO | Durangoko Udalak 2026. urterako Baserritarren Merkatuan postu bat izateko lizentzia eskatzeko epea ireki du. Deialdi hau tokiko eta hurbileko merkataritza sustatzeko bideratutako udal espazio batean beren produktuak eskaintzeko interesa duten ekoizleei zuzenduta dago.
Eskaerak aurkezteko epea 2025eko abenduaren 15era arte izango da zabalik (egun hori barne). Interesdunek dagokion eskabide-orria bete eta eskatutako dokumentazioarekin batera, Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzuan (HAZ) entregatu beharko dute. Eskaera orria udalaren webgunean eskuragarri dago: www.durango.eus.
Durangoko Merkatua duela gutxi ireki da, azken hilabeteetan egindako birmoldaketa-lanen ondoren. Horren ondorioz, Durangoko Udalak erabaki du baserritarren postuak merkatuaren erdiko plazan kokatzea behin betiko.
Azaroko lehen hiru larunbatetan (15, 22 eta 29), proba fase baten baitan, tokiko ekoizleek Merkatu Plazaren ondoko kantxatik espazio estali berrira aldatu zituzten beren postuak. Esperientzia hori positiboki baloratu dute baserritarrek eta herritarrek, eta kokapen erosoago, irisgarriago eta hurbilago finkatzeko aukera eman du, asteko erosketak egitera hurbiltzen diren pertsonek postuak errazago aurki ditzaten. Horrez gain, merkatuan zuzeneko musika egon zen, eta horrek giro dinamiko eta jai-giroko bat sortzen lagundu zuen.
Durangoko Udalak herritarrak Durangoko Azokara hurbiltzera gonbidatzen ditu, bertako baserritarrei laguntzen jarraitzera eta merkatuko giro berrituaz gozatzera.


