SD Amorebietako antzinatasun handiagoko ehun bazkideek gonbidapena jaso ahal izango dute klubeko dendan abenduaren 9ra arte

DOT KIROLAK |Amorebieta-Etxanoko Zornotza Arteoak ‘¡Azules!’ dokumentalaren estreinaldia hartuko du abenduaren 11n, ostegunean, 19:30etik aurrera. Dokumental honek klubaren mendeurrena errepasatu, oroitu eta, aldi berean, itxiko du. Zigor Aiarza eta Ander Garizurieta zornotzarrek zuzendua eta Pausa Digitalak ekoitzia, ‘¡Azules! Herri baten oihua’ lana “SDAren ehun urteetako ibilbide intimoa da, azken 25etan arreta berezia jarriz”, azaldu dute zuzendariek.
“Bere nortasuna osatzen duten sei letren bidez —A Amorebieta, Z Zaleak, U Urritxe, L Lehiaketak, E Etorkizuna eta S Sorrera— dokumentalak 1925ean zale talde batek landatutako haziak mende batez zornotzarren belaunaldiei nola eman dien fruitua eta babesa erakusten du, lehiaketa eta pasio moduan”, azpimarratu dute Aiarzak eta Garizurietak. Talde urdinaren historia markatu duten jokalari, entrenatzaile, zuzendari eta zaleen testigantzak biltzen ditu dokumentalak. SDAren 50., 75. eta 100. urteurreneko partiduetan parte hartu duen Jose Angel Iribar eta Urritxen SDAren aurka 15 urte besterik ez zituela Athletic Clubeko lehen taldearekin debuta egin zuen Iker Muniain ere partaide bereziak dira. ‘¡Azules!’ dokumentalak “azken urteotan handien mahaian eseri den herriko klub baten arima erakusten du. Talde baten historia baino gehiago da. 1925 hartakoak bezain sutsuak izanik, Amorebieta beti goi-goian mantentzea lortu duten pertsonen istorioa da “, diote zuzendariek.
Abenduaren 11ko estreinaldira klub zornotzarreko 100 bazkide zaharrenak joan ahal izango dira, hau da, 1 zenbakitik 100 zenbakira doazen txartelen titularrak. Bazkide horiek gonbidapena jaso ahal izango dute klubeko dendan abenduaren 2tik 9ra arte 10:00etatik 13:00etara. Hilaren 9an, asteartea, hartu ez diren gonbidapenak asteazkenean, hilak 10, jarriko dira gainerako bazkideen esku, baita klubeko dendan ere, 10:00etatik aurrera eta agortu arte.
Gainerako bazkide eta zaletuek hiru aukera izango dituzte dokumentala doan ikusteko, Zornotza Aretoak asteburu horretako programazioa ‘¡Azules!’ lanaren proiekzioari soilik eskainiko baitio. Mendeurreneko dokumentala ostiralean, hilak 12, larunbatean, hilak 13, eta igandean, hilak 14, proiektatuko da 20:00etatik aurrera. Doako sarrerak eskuragarri daude Zornotza Aretoaren webgunean esteka honetan: https://sarrerakzornotzaaretoa.com/actua/azules-herri-baten-oihua%20/
‘¡Azules!’ dokumentalaren estreinaldiak amaiera emango dio urtarrilaren 4an, Urritxeko zelaian Mendeurreneko Bandera igota Amorebieta-Etxanoko kaleetan kalejira herrikoia egin ondoren, abiatutako ospakizunari. Efemerideak beste mugarri nabarmen batzuk ere izan ditu 2025ean: ONCEk urtarrilaren 30ean klubari eskainitako kupoia; ekainean Zelaieta Zentroan antolatutako erakusketa; SDAren ereserkiaren bertsio onenaren sari berezia ‘Haizetara’ musika-lehiaketaren barruan; Sociedad Artístico Cultural Zornoza elkarteak antolatutako ‘Zintzilik’ lehiaketako gaia; herri-bazkaria SDAren txosnaren ondoan Marmitako Lehiaketaren egunean; eta Urritxen Athletic Club eta SD Ponferradina taldeen artean jokatutako Mendeurreneko Partida.


