Tenperaturak 11/12 gradu ingurukoak izango dira bihartik aurrera

EGURALDIA | Astea nahasia izango da, egun askotan euria egingo du, batez ere bihartik aurrera, asteartea. Tenperaturak ez du aldaketa handirik izango, eta maximoak 11/12 gradu ingurukoak izango dira. Gainera, hego-mendebaldeko haizea ibiliko da batez ere aste osoan zehar.
Astelehena
Astelehenean, eguraldi eguzkitsua eta tenperatura maximoen igoera. Hegoaldeko haizea ibiliko da, arratsaldetik aurrera bolada gogorrekin, eta kostaldeko tenperatura maximoak 15 ºC ingurukoak izango dira; hegoaldeko altuenak 10 ºC-ren bueltan geratuko dira momentuz. Giro argia, zeruan goi-hodeiak agertu arren. Arratsaldetik aurrera hodei trinkoagoak agertuko dira eta egunaren amaieran zerua hodeitsuago egongo da. Goizean lainoa agertuko da.
Martitzena
Asteartean euria egingo du, batez ere egunaren lehenengo partean. Goizaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta egunsentian zerua estalita egongo da. Egunaren lehenengo partean zaparradak egingo ditu eta baliteke ekaitzak jotzea. Arratsaldean atertzera egingo du, batez ere barnealdean, eta ostarteak zabalduko dira; kostaldean euri txikia egingo du noizbehinka. Elur-kota 1400-1500 metrora egongo da. Goizean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean mendebaldetik joko du. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira, minimoak igoko dira eta egunaren amaieran neurtuko dira.


