DOT Durangaldea

Ziklo-krosa Berrizera itzuliko da asteburu honetan

Larunbatean haur eta gazteentzako ate irekien jardunaldia egingo da eta igandean XIV. Berrizko Ziklo Kros Sari Nagusia izango da

Orlan Isoird eta Roberto Gómez, aurkezpenean.

BERRIZ | Berrizburuko BTT Iñaki Lejarreta zirkuitua ziklo-krosaren topagune bilakatuko da asteburu honetan. Hala aurkeztu dute gaur goizean udaletxeko osoko bilkuren aretoan Orlan Isroid alkateak eta Berriz Bizikletari Elkarteko ordezkari Roberto Gómezek, zeinek azaldu baitute, igandeko Berrizko Ziklo Kros Sari Nagusiaren edizio berriaz gain, larunbatean txikien eta gazteen txanda izango dela, txirrindularitzarekiko zaletasuna bultzatu eta diziplina hau gazteengana gerturatzeko helburuarekin.

Helburu horrekin, Udalak, Durangaldeko Bizikleta Eskolarekin elkarlanean, ate irekiak antolatu ditu CX zirkuitu herrikoian. Adin-taldeka antolatuta eta bi ordutara banatuta, jarduera doakoa izango da, eta ez da aurrez izena eman beharko.

Ordutegia eta kategoriak

15:30–16:30 → Txikiak cx zirkuituan-nagusien taldea gymkanan.
16:30–17:30 → Nagusiak cx zirkuituan-txikien taldea gymkanan.

Igandea

Berrizko Ziklo-Kros Sari Nagusiaren XIV. edizioak 300 txirrindulari baino gehiago bilduko ditu Berrizen. Lehiaketa 10:00etan hasiko da, 2,8 kilometroko ibilbidean zehar: Marino Lejarreta belodromoaren inguruan, Iñaki Lejarreta BTT zirkuituan eta Berrizburu auzoko inguruetan. Gómezek adierazi duenez, “nobedade nagusia da aurten lokatz dezente izango dugula”.

Ordutegiak eta kategoriak:

10:00 → Master 40/50/60
11:00 → Kadeteak (emakumezkoak eta gizonezkoak)
12:00 → Juniorrak (emakumezkoak eta gizonezkoak) + Open emakumezkoak
13:00 → Master 30 + Open gizonezkoak
14:00 → Sari banaketa

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top