DOT Durangaldea

Durangoko Bereizmen Handiko Zentroak 14 espezialitate, erradiodiagnostikoa eta erretinografia eskainiko ditu

Osakidetzak eraikin bakar batean bateratuko ditu gaur egun sakabanatuta dauden zerbitzuak, eta diagnostiko-baliabide berriak eta medikuarekin azkar esku hartzeko ibilgailu bat izango ditu

Osasun sailburua eta Osakidetzako zuzendaria, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatearekin batera

DURANGO | Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek, Gontzal Tamayo eta Aritz Uriarte sailburuordeek eta Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaok lan-jardunaldi bat egin dute gaur, ESIetan egiten ari diren entzute-prozesuaren esparruan, lehenik Barrualde-Galdakaoko osasun-arloko profesionalekin eta, ondoren, Durangaldeko eta Lea Artibaiko alkateekin. Oraingo honetan, topaketa baliagarria izan da Durangoko Bereizmen Handiko Zentroaren (BHZ) inguruko proposamenaren berri emateko. Ekimen hori Barrualde-Galdakao ESIaren osasun-laguntza hobetzeko prozesuaren barruan kokatzen da.

“Durangon zein Galdakaon gure zerbitzuen kalitatea, irisgarritasuna eta erosotasuna hobetzeko konpromisoari erantzuten dion jarduketa estrategikoa da”, nabarmendu du sailburuak.

Galdakaoko Ospitaleko aparkalekua handitzea

BHZren proiektuari ekin aurretik, Osasuneko sailburuak iragarri du aurreikusitakoaren arabera 2026an Galdakaoko Ospitaleko aparkalekua handitzeko beharrezkoak diren lanak hasiko direla. Zabalkuntza hori pazienteek eta profesionalek helarazitako eskari nagusietako bat da.

Osasun Sailak 1,6 milioi euro bideratuko ditu jarduketa horretara. Jarduketa azterketa teknikoekin eta obra-azterketekin hasiko da, 2028an plaza berriak izateko helburuarekin. “Osasunaz ari garen arren, aparkalekua da herritarrek gehien aipatu duten arazoa, eta erantzuna eman nahi diogu”, azpimarratu du.

Zabalkuntza ospitalearen inguruko titulartasun publikoko partzeletan egingo da (partzela horietako bat Osakidetzaren jabetzakoa da), bigarren eremu batean esku hartzeko aukera baztertu gabe. Azaldu duenez, “ospitaleetako beste obra handi batzuetan jasotako esperientziak erakutsi digu oso garrantzitsua dela zuhurtasunez planifikatzea, prozesu osoan irisgarritasuna bermatzeko”.

Ospitaleko aparkalekua handitu ondoren, Galdakaoko Ospitaleko Kanpo Kontsulten eraikin berriaren eraikuntza hasiko da, 136 milioi euroko inbertsioarekin.

Bereizmen Handiko Zentro berria Durangalderako eta Lea-Artibairako

Durangoko BHZ berriak, sestra gaineko 10.500 metro koadroko (beheko solairua + 2, instalazioez gain) eta aparkalekurako sestra azpiko 3.000 metro koadroko eraikin bakar batean, gaur egun hiru lekutan (Landakoko osasun-zentroan, espezialitateen anbulatorioan eta osasun mentaleko eguneko ospitalean) ematen diren zerbitzuak bilduko ditu. Horren bidez, laguntza-espazioa bikoiztuko da, eta erosotasun eta efizientzia handiagoa lortuko da, bai profesionalentzat, bai pazienteentzat.

Zentroak Durangoko, Abadiñoko, Berrizko, Elorrioko, Zornotzako, Markinako eta Ondarroako ia 95.000 pertsonari emango die zerbitzua, eta hiru zerbitzu berri gaineratuko ditu: erradiodiagnostikoa (mamografiarekin, kontrastedun OTArekin eta erresonantzia magnetikoarekin), erretinografia eta esku-hartze azkarreko ibilgailu bat (medikuarekin) inguruko udalerrietarako.

“Durangoko BHZari esker, herritarrei zerbitzu espezializatu gehiago hurbildu ahal izango zaizkie, joan-etorriak saihestuz eta lurraldean arreta hobetuz”, adierazi du Martinez sailburuak.

2026ko aurrekontuan, 500.000 euroko partida bat txertatu da eraikuntza-proiektua idazteko lizitazioa hasteko.

Osasun Saila eta Osakidetza 2026an hasiko gara kudeaketa horrekin, eraikuntza-obraren lizitazioa egiteko (obrak 30 hilabeteko iraupena izango du), Durangoko Udalak Trenbideko BEPBko partzelaren lagapena onartzen duenean.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top