DOT Durangaldea

Hontza Museoak “Saguzarrak: mundutik Durangaldera” hitzaldia antolatu du ostegunerako

Aitor Arrizabalagaren eskutik Kurutzesantu Museoan izango da

Hitzaldia datorren ostegunean izango da

AGENDA | Hontza Museoa Bizkaiko Natur Zientzien Museo ofizial bakarra da. 10 urte bete ditu eta Durangon saguzarren inguruko hitzaldi interesgarria antolatu du: “Saguzarrak: Mundutik Durangaldera”.

GABAKO Elkarteko Aitor Arrizabalagak bi ataletan banatutako hitzaldia eskainiko du. Alde batetik, saguzarrei buruz berba egingo du: talde hau berezia egiten duten ezaugarriak azalduko ditu eta munduan duten aniztasun biologiko zein ekologikoa erakutsi. Horrez gain, animalia hauek duten garrantzia ekologikoa azpimarratuko du eta hauen inguruko mitoak azaleratu. Bestetik, GABAKO elkarteak (Gaueko Basabizitzaren Kontserbaziorako Elkarteak) Durangaldean identifikatutako saguzarrei buruz hitz egingo du ere, lan horretan erabiltzen duten metodologia erakutsiz.

Aitor Arrizabalaga Escudero (Bilbo, 1988), biologiako ikasketak amaitu ondoren (EHU) saguzarretan espezializatu zen eta talde honen inguruko ikerketan jardun zuen 2018. urtera arte. Orduztik, Biologiako irakaslea da DBH eta Batxilergoan eta bere denbora librean Durangaldeko saguzarren ezagutza sakontzeko eta zabaltzeko lanak egiten ditu GABAKO elkartearen bidez, GEMA espeleologi taldearekin eta EHUko saguzarren ikerketa-taldearekin elkarlanean.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top