Esku-hartzeak badia bat, espaloi bat eta markesina bat jasotzen ditu eta geltokiaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea du helburu

MALLABIA | Mallabiko Udalak abuztuan burutu ditu Goitondoko autobus geltokia egokitzeko lanak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Esku-hartzeak geltokiaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea izan dute helburu, oinezkoentzat eta garraio publikoa erabiltzen dutenentzat ingurune eroso eta funtzionala eskainiz.
Jarduketa Goitondoko industrialdean, BI-2301 errepidean, 44+640 puntu kilometrikoan egin da, 227 m²-ko orubean kokatuta. Autobusak gelditzeko badia bat egin da, 18 metroko luzera duena, 12 eta 10 metroko bi zirirekin, 3 metroko zabalerarekin eta errepidearen ertzetik 0,5 metro gehigarrirekin. Horrez gain, 2 metroko zabalerako oinezkoentzako espaloi bat egin da, geltoki berria oinezkoen pasagunearekin lotuz. Azkenik, espaloiaren ondoan markesina bat ere jarriko da, oraindik egiteke dagoena, garraio publikoaren erabiltzaileei erosotasun handiagoa eskaintzeko.
Lanak Campezo Obras y Servicios SA enpresak burutu ditu, guztira 79.575,59 euroko aurrekontuarekin. Horietatik, 50.135,02 euro diru-laguntza bidez finantzatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.
Mallabiko Udalak nabarmendu du esku-hartze honek irisgarritasun eta mugikortasun jasangarria bultzatzen dituela, oinezkoentzako segurtasuna eta erosotasuna hobetuz eta Goitondoko industrialdean garraio publikoa modu errazagoan erabiltzea ahalbidetuz.