Zornotzarrek bi gol lortu dituzte bi minututan

FUTBOL | Urdinek ligako lehen garaipena lortu dute, gaur goizean Urritxen Beasainen aurka jokatutako 3. jardunaldiko euskal derbian. Gonzalo Zorrillak eta Julen Castañedak SDAren golak sinatu dituzte eta Altamirak penalti bat gelditu du atsedenaldiaren atarian.
Norgehiagoka aukera aipagarririk eta menderatzailerik gabe igaro da lehen zatiko erdialdea gainditu arte. Orduan iritsi da urdinen erreakzioa eta bi gol sartu dituzte bi minututan. 27an Castañedak ezkerretik erdiraketa bat jarri du, Etxanizek area txikira bidali du baloia buruz eta hor agertu da azkar Zorrilla barrura bidaltzeko. Segituan, Hodei Rodriguez lurrera bota dute area barruan eta epaileak penaltia adierazi du. Castañedak ez du barkatu eta 2-0ekoa sinatu du. Beasainek atsedenaldira iritsi aurretik aldea murrizteko aukera paregabea izan du penaltiz. Hala ere, Jon Altamirak penaltiak gelditzen aditua dela erakutsi du Begoetxearen jaurtiketaren aurrean.
Bigarren zatia hasi eta berehala lortu du talde bisitariak Aitor Lorearen bitartez gola sartzea. Etxanizek atea ikusi du 55.ean, baina gola baliorik gabe geratu da jokoz kanpo adierazi diotelako. Gauza bera gertatu zaio Torricori 61ean. Beasainek metroak aurreratu ditu berdinketaren bila, baina gureak sendo egon dira. Gainera, urdinak hirugarrenaren egitetik gertu egon dita, batez ere Rekak Mendiberen erdiraketa baten ostean egindako erremate ikusgarri batekin, gutxigatik kanpora joan dena. Torrico ere hurbil egon da azken txanpan, baina Artetxeren geldiketarekin egin du topo.