DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangok Tokiko Enplegu Plan bat abian jartzeko prozesua hasi du

Planaren helburua egoera zaurgarrian dauden pertsonentzat lan-aukerak eskaintzea da, horretarako sei lanpostu sortzea aurreikusiz

2026an garatuko den plan honek sei lanpostu sortzea aurreikusten du

DURANGO | Udalak Udalak aurrerapauso erabakigarria eman du udalerriko enplegua sustatzeko eta langabezia-egoeran dauden kolektibo ahulen lan-aukerak hobetzeko konpromisoan. Horretarako, Tokiko Enplegu Plan berria aurkeztu du, Lanbidek tokiko enpleguaren sustapenerako martxan jarritako laguntza-deialdia.

2026an garatuko den plan honek sei lanpostu sortzea aurreikusten du, bakardade egoeran dauden pertsonentzako laguntza-zerbitzuetan arituko direnak. Lanpostu horiek lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei zuzenduta egongo dira, bereziki 45 urtetik gorako langabezia luzeko pertsonei.

Durangok azken aldiz enplegu-plan bat 2017an aurkeztu zuen, eta 2018an gauzatu zen. Ordutik, Udalaren jarduera enpleguaren arloan batez ere kontrataziorako laguntzetan oinarritu da. Aurten, ordea, laguntza-lerro hori mantendu egingo da eta, horrez gain, Tokiko Enplegu Plana ere berriro abian jarriko da, enplegu inklusiboaren aldeko apustu garbia eginez.

Laguntzak

Durangoko Udalak Eusko Jaurlaritzak (Lanbide) 2025erako aurreikusitako deialdian jasotako bi laguntza-lerroak eskatu ditu.

  • I. motako laguntzak – Enplegua sustatzea: Laguntza hauek interes publikoko jarduerei lotutako kontratuak sustatzea dute helburu, langabeen enplegagarritasuna hobetzeko. Kasu honetan, bakarrik dauden pertsonei laguntza emateko lanpostuak sortuko dira, 45 urtetik gorako pertsonek lehentasuna izango dutelarik.
  • II. motako laguntzak – Kontrataziorako laguntzak: Tokiko enpresek Lanbiden izena emanda dauden pertsona langabeak kontratatzen badituzte, laguntza ekonomikoak jasotzeko aukera izango dute. Laguntza hauek kolektibo kalteberak hartuko dituzte kontuan, hala nola 45 urtetik gorakoak, epe luzeko langabeak, desgaitasuna duten pertsonak eta DSBE edo BGD jasotzen dutenak.

Datozen hilabeteetan emango da izena emateko epeak, prozedurak eta baldintzak zehaztuko dituen informazio zehatza.

Plan honek ikuspegi inklusiboa du eta genero berdintasuna ardatz nagusietako bat izango da. Eskatutako sei lanpostuetatik lau emakumeentzat izango dira eta bi gizonentzat, lan-aukerak berdintasunez banatzeko helburuarekin, batez ere zaintza sektorean.

Jesica Ruiz, Enplegu arloko zinegotziak azpimarratu du tokiko enplegu-plan berri hau urrats garrantzitsua dela udal gobernuak bere hauteskunde-programan hartutako konpromisoa betetzen hasteko. “Gobernu talde honen hasierako helburuetako bat izan da enplegu-planak abian jartzea. Norabide hori jasota dago 2023–2027 Legegintzaldiko Planean ere, eta orain, plan berri honekin, emandako hitza betetzen ari gara. Durangon urte asko igaro dira halako ekimenik gabe, eta gaur egun, arreta zaintzan eta kolektibo zaurgarrientzako enplegua sortzean jarriz, laguntza eskaintzen ari gara gehien behar duten pertsonei.”

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top