Eskualdeko erakundeak milioi bat euro baino gehiago kudeatuko ditu GLLetarako

DURANGALDEA | Durangaldeko Mankomunitateak ostegun honetan egindako osoko bilkuran onartu ditu 2025eko Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) kudeatzeko irizpideak. Ezarritako irizpideekin, aurkeztutako eskaerak ebazten hasi dira dagoeneko.
Aurten, eskualdean GLLei aurre egiteko esleitutako zenbateko osoa 1.021.403 eurokoa da. Hasieran 932.214,58 euroko aurrekontua zegoen, 2024ko ekitaldiko datuekin egindako aurreikuspenetan oinarrituta. Hala ere, behin betiko likidazioaren ondoren, Mankomunitateak 89.188,42 euro gehiago izango ditu, eta horri esker, partida beharrezkoenak indartu ahal izan dira.
Funtsen banaketari dagokionez, honako partida hauek nabarmentzen dira:
•Ohiko etxebizitzaren alokairua: 200.000 €(+50.000 €gehiago)
•Etxebizitza erosteko kredituak: 100.000 €
•Etxebizitza mantentzeko gastuak: 150.000 €
•Etxeko oinarrizko ekipamendua: 120.000 €
•Lehen mailako beharrak: 170.000 €
•Aurretiko zorpetzea: 42.214,58 €
•Energia: 150.000 (+39.188,42€ gehiago)
Une honetan, Mankomunitateak 466 eskaera jaso ditu, eta horietatik 150 ebazpen fasean daude jada, elkarreragingarritasun sistemei esker. Horiei esker, administrazioen arteko informazio truke automatizatuaren bidez izapideak arindu daitezke.
Mankomunitateak gogorarazi du laguntza horien helburua dela premiarik larrienei erantzutea eta Durangaldean kalteberatasun egoeran dauden pertsona eta familiei oinarrizko estaldura bermatzea.
Mankomunitateko lehendakari Idoia Otaduyk nabarmendu duenez, “Gizarte Larrialdietarako Laguntzak funtsezko tresna dira gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, ustekabeko egoerek eragindako egoera pertsonal eta familiarrei erantzuteko aukera ematen baitute”. Adierazi duenez, “Mankomunitatearen helburua da Durangaldeko herritarren gizarteratzea eta ongizatea sustatzen jarraitzea, behar duten pertsona guztiek erakundean laguntza aurkituko dutela bermatuz”.