“El mundo de Nadia” liburuaren egile durangarra omendu zuten, AENaren ikusgarritasuna sustatzeko egindako lanagatik

DURANGO | Pasadan eguaztenean, ekainak 18, Durangoko Udalak Autismoaren Harrotasunaren Eguna ospatu zuen Elixabete Sanchezi harrera ofiziala eginez. Elixabete, 36 urtekoa eta Durangokoa, Autismoaren Espektroko Nahasmendua (AEN) du diagnostikatuta, eta El mundo de Nadia liburuaren egilea da.
Ekitaldia udaletxeko osoko bilkuren aretoan izan zen, eta bere testigantza, ausardia eta autismoaren inguruko sentsibilizazioan egindako lana publikoki aitortu nahi izan zitzaion. Duela gutxi izendatu dute Durango Sarietarako, eta, horren harira, Udaleko ordezkariei eta Gazteria eta Kirol teknikariari bere liburua oparitu zien.
Udalak, esker onez, harrera instituzionala antolatu zuen eta Santa Anako arkuaren orria daraman koadro bat oparitu zion, herriko nortasunaren ikur gisa.
Ekitaldian zehar, Mireia Elkoroiribe alkateak nabarmendu zuen: “Gaur egun oso berezia da, ez bakarrik Harrotasun Autistaren Eguna ospatzen dugulako, baizik eta bere historia munduarekin partekatzea erabaki duen bizilagun ausart bat publikoki aitortzeko aukera izan dugulako. Elixabetek aniztasuna enpatiatik eta errespetutik ulertzen laguntzen digu, eta Durangon pertsona guztiak barneratuta eta baloratuta sentituko diren gizarte bat eraikitzen jarraitu nahi dugu”.
Durangoko Udaleko talde politikoek adierazi zuten funtsezkoa dela gizartea kontzientziatzen jarraitzea eta inklusiorako espazio egokiak sustatzea; izan ere, gaur egun Euskadin 13.000 pertsona inguruk dutela Autismoaren Espektroko Nahasmenduaren diagnostikoa nabarmendu zuten.