DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Abadiñok datozen bi urteetarako lehentasunei buruz galdetuko die herritarrei

Abadiñon Legegintzaldiaren bi urteko balantzea egin du gobernu taldeak

Legegintzaldi erdia bete berri du Abadiñoko Udalak

ABADIÑO | Legegintzaldi erdia bete berri du Abadiñoko Udalak, eta, efemeride biribil hori abiapuntu bezala hartuta, bi urte hauetan egindako ibilbidearen balantzea egiteko baliatu du gobernu taldeak. Bertan izan dira Mikel Urrutia Abadiñoko alkatea; Edurne Maguregi alkateordea; Naiara Bildosola Hezkuntza, Euskara, Berdintasun eta Aniztasun batzordeetako zinegotzia; eta Jose Luis Navarro Hirigintza zinegotzia.

Azken bi urte hauetako jardunaren nondik norakoak eta betetako helburuak errepasatu dituzte prentsaurrekoan. Horrez gainera, nabarmendu dute udal gobernua osatzen duten alderdien arteko adostasuna eta elkarlana funtsezkoak izan direla aurrera egin ahal izateko: “Gure ardatzetako bat herritarrekin eta gainerako taldeekin lankidetzan aritzea eta adostasunak lortzea izan da. Zentzu horretan, hasierako konpromiso horiek betetzeko helburuarekin lanean jarraitzen dugu”.
Planifikazio argi batekin abiatu zuen legegintzaldia Abadiñoko Udalak: teknikarien eta talde desberdinen arteko lanarekin, Abadiño 2024-2027 Legegintzaldi Agenda definitu zuten. Lan egiteko metodologia berri horri esker, barne koordinazioa indartu da, eta udal baliabideak era eraginkorrago batean kudeatzen dira egun.

Bide beretik, lanpostu berriak sortu dira bi urte hauetan. Zehazki, gizarte ongizateko eta gazteriako teknikari lanpostua, garbiketa zerbitzurako lanpostua eta Udaltzainburu lanpostua esleitu dira. Horiei esker, zerbitzuak hobetu eta indartu dira, baita euren arteko koordinazioa hobetu ere. Horrez gainera, udaleko brigada indartu da, eraikinen garbiketaren kudeaketa hobetu da eta azpikontratatutako zerbitzuen kontrola sendotu da.

 

Parte-hartze eta gardentasuna

Udalerriko gai estrategikoetan aurrera egiteko, herritarren parte-hartzea sustatu da. Horren erakusgarri da 2024ko maiatzean egin zuten lehendabiziko herri galdeketa. Era berean, auzoen arteko bilerak handitu egin dira, Abadiñoko eremu guztiei arreta bera eskaintzeko asmoz.
Bide beretik, kanpo harremanak ere areagotu egin dira. Osakidetzarekin bilerak izan dituzte Traña-Matienako osasun zentroan pediatria zerbitzu duin bat eskatzeko eta Zelaietako osasun zentroa handitzeko; URA erakundearekin lankidetzan egon dira Traña-Matienako eta Astolako uholde-arrisku maila ekidin, eta 1989tik indarrean dagoen HAPOa berrizteko; Bizkaiko Foru Aldundiarekin zein Durangaldeko Mankomunitatearekin lanean jarraitzen dute, gizarte zerbitzuak hobetzeko, eta Abadiñoko Egoitzaren zein Eguneko Arreta Zentroaren koordinaziorako. Bestetik, ETS eta Aldundiko mugikortasun sailarekin bilerak egin dituzte Abadiñoko mugikortasuna hobetzeko. Etxebizitza sailarekin ere harremanetan daude Abadiñon alokairuzko etxebizitza publikoak sortzeko.
Gaur-gaurkoz, nabariak dira aldaketa horietako batzuk abadiñarren egunerokoan.
Oinarrizko zerbitzuak indartu dira, hala nola garbiketa eta argiteria publikoa, puntu beltzak ezabatuz, eta komun publikoak jarri dira. Mugikortasunaren arloan, aparkalekuen problematikari konponbidea emateko asmoz, 80 aparkaleku berri sortu dira Muntsaratzen, Traña-Matienako aparkaleku-sistema berria martxan jarri da, eta mugikortasuna antolatu da Zelaietan, besteak beste.

Segurtasunari dagokionez, berriz, kale batzuk oinezkoentzat egokitu dira, abiaduramugak jaitsi dira, kamioien zirkulazioa murriztea lortu da eta oinezkoen pasabideetako argiztapena hobetu da. Halaber, hainbat gune urbanizatu dira, hala nola Txinurrisolo, eta Zelaietako eskolak, eta inbertsio garrantzitsuak egin dira Sagastako errepidea eta Gazteluko ermitako teilatua konpontzeko, eta edateko uraren hornidura sarea Gerediaga osora zabaltzeko.

Ongizate Sozialaren arloan jauzi kualitatiboa eman da: teknikariaren lanpostua sortu da, zaintza-beharrak aztertzeko diagnostikoa egiten ari da, Psikobono eta Bultzatu programei ekin zaie eta Abadiño Lagunkoiak bigarren diagnosia osatu du. Gainera, neurri fiskal progresiboak eta bono sozialak ere ezarri dira.

Azken bi urteotan Udalaren balioetan ere asko sakondu da, hala nola berdintasunean —emakumezkoen futbol taldea sortu da eta genero-ikuspegia aurrekontuetan txertatzen hasi dira—, jasangarritasunean —energia komunitatea, ortu publikoak edo bidegorri-sarearen azterlana— eta memoria historikoan. Kultur-aniztasunean eta gazteriaren beharrei erantzuteko ere pausoak eman dira.

Inkesta

Hurrengo hilabeteetan, Abadiñoko Udalak datozen bi urteetan izango dituen erronka eta lehentasun nagusiak emango ditu ezagutzera. Horretarako, entzute aktiboan oinarritutako prozesu bat jarriko da abian, herritarrak partaide aktibo izan daitezen eta elkarlanean etorkizuneko Abadiño eraiki ahal izateko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top