DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangoko Udala, udalerriko jarduera eta instalazio komertzialen errolda abiatu du

Landa-lana hurrengo egunetan hasiko da, establezimenduetan bisitak eginez beharrezko informazioa biltzeko

Establezimenduetara aurrez aurreko bisitak egingo dira beharrezko informazioa biltzeko

DURANGO | Durangoko Udalak udalerriko jarduera eta instalazio komertzialen errolda egingo du, tokiko jarduera ekonomikoen ikuspegi zehatza lortzeko, bereziki jarduera sailkatuaren aldez aurreko lizentzia edo jakinarazpena behar dutenak. Errolda hori funtsezko tresna izango da Durangoko garapen ekonomikoa planifikatu eta kudeatzeko.

Datozen egunetan, landa-lana hasiko da; hau da, establezimenduetara aurrez aurreko bisitak egingo dira beharrezko informazioa biltzeko. Bisitaldi horietan, establezimenduetako arduradunen laguntza eskatuko da errolda osatzeko.

Datuak biltzeko prozesua datozen hilabeteetan egingo dela espero da, errolda bost hilabeteko epean amaitzea aurreikusiz. Lortutako emaitzek datu-base zehatz bat sortzeko balioko dute, erabakiak hobeto hartzen lagunduko dutenak eta baita Durangoko merkataritza- eta turismo-garapenerako interesgarriak diren direktorioak sortzeko ere.

Errolda honek Dendak Bai Merkatarien Elkarteak aspalditik egindako eskaera bati erantzuten dio, tokiko merkataritzaren egoera benetan ezagutzeko eta garapena errazteko tresna bat izateko helburuarekin.

“Udalerriko jardueren eta instalazioen errolda eguneratu batek aukera emango digu Durangoko merkataritzaren, ostalaritzaren eta enpresa-sektorearen egoera benetakoagoa ezagutzeko. Informazio hau funtsezkoa izango da ekonomia bultzatzeko estrategia eraginkorragoak garatzeko eta arlo honetan udal kudeaketa hobetzeko”, azpimarratu du Jesica Ruiz Merkataritza zinegotziak.

Halaber, erregistro horrek administrazioarentzat eta herritarrentzat izango dituen onurak azpimarratu ditu Ruizek: “Erabakiak hartzea errazteaz gain, lortutako datuek merkatarientzat, ekintzaileentzat eta kontsumitzaileentzat oso erabilgarriak izango diren direktorioak sortzea ahalbidetuko dute. Durango udalerri dinamiko eta tokiko merkataritzarako aukerak dituen herri izatea nahi dugu, eta errolda hori funtsezko tresna izango da hori lortzeko.”

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top