DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Abadiñok garbiketa-enpresa zigortuko du zerbitzua ez betetzeagatik

Produktuen erabileran eta soldaten ordainketetan antzeman dituzte irregulartasunak, hain zuzen ere

Udalak asteartean izandako bilkuran ebatzi zuen espedientea onartzea

ABADIÑO | Udalak zehapen-espedientea ireki dio udal eraikinak zein lokalak garbitzeaz arduratzen den Limpiezas Abando S.L. enpresari, garbiketa-kontratua behar bezala ez betetzeagatik. Antzeman dituzten arau-hausteek kontratuan ezarritako baldintza  teknikoei eta indarrean dagoen lan-araudiari eragiten dietenez, zigor ekonomikoak eta kontratua etetea ekar dezakete. Abadiñoko Udalak asteartean izandako Osoko Bilkuran ebatzi zuen 2024-01065 kontratazio-espedientea onartzea.

Zehazki, Udalak, bi arau-hauste antzeman ditu Limpiezas Abando S.L. enpresaren aldetik. Batetik, egiaztatu dute garbiketa enpresak erabiltzen dituen produktuek ez dituztela agiri teknikoan eskatzen diren ekoetiketarik, eta hipokloritoa (lixiba) zuen produktu bat erabili zutela; jarrera horrek kontratua modu larrian ez betetzea ekarri du.

Bestetik, egiaztatu dute indarrean dagoen lan araudia eta adostutako soldata baldintzak urratu dituztela, eta, horrek ere, kontratua ez betetzea ekarri du. Gauzak horrela, Udalak 2.307,92 euroko zigorra ezarriko dio garbiketa enpresari, kontratuan eskatzen diren garbiketa produktuak erabili ez direlako. Era berean, 23.079,23 euroko zigorra ezarriko zaio enpresari, lan araudia ez betetzeagatik; izan ere, langile bakoitzari, 800 eurotik gorako kalte ekonomikoa eragin die horrek urtean. Prozedurak eskatzen duen bezala, entzunaldi-izapide bat eman zaio enpresari, egoki ikusten dituen alegazioak aurkeztu ahal ditzan.

Konpromisoa

Abadiñoko Udalak eraikinen garbiketako langileen oinarrizko soldata hobetzea adostu zuen. Lehenengo urtean, 22.000 euro gordin izatea adostu zuten, eta ondorengoetan, 23.113 euro. Horrez gainera, bere administrazio-pleguetan klausula bat sartzeko konpromisoa ere hartu zuen Udalak. Konpromiso horren arabera, zerbitzua kontratatzean hutsuneak –bajak edo/eta zerbitzu-orduak handitzea– betetzeko orduan, lehentasuna emango zitzaien lehenik eta behin lanaldiaren %100era iristen ez ziren langile propioei, eta, bigarrenik, udaleko lan-poltsan zeudenei.

Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak kalitatezko garbiketa zerbitzu bat izatearen garrantzia nabarmendu du: “Abadiñoko Udalak konpromisoa du gure bizilagunei kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko.

Ezinbestekoa da kontratuak behar bezala betetzea eta langileen ongizatea bermatzea, eta, horretarako, zerbitzuen jarraipen estua egiten dugu. Eskaintzen ditugun zerbitzu guztiak kalitatezkoak direla ziurtatu nahi dugu”.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top