Ekintzaileek martxoaren 31ra arte eskatu ahal izango dituzte laguntzak Udalaren webgunean

DURANGO | 62.000 euroko aurrekontuarekin, Durangoko Udalak ekintzaileei zuzendutako dirulaguntzen deialdia ireki du. Udalerriko enpresa-sarea indartzeko eta jarduera ekonomikoa dinamizatzeko konpromisoan, laguntza horien helburua da negozio berriak sortzea, jarduera ekonomikoak kaleko lokaletara lekualdatzea erraztea eta enpresen transmisioaren bidez establezimenduen jarraipena bermatzea.
“Deialdi honen bidez, negozio berriak abian jartzea erraztu nahi dugu, enpresa proiektuak finkatzen lagundu eta tokiko ekonomia dinamizatu. Badakigu ekitea ahalegin handia dela, eta Udaletik ekintzaileen ondoan egon nahi dugu, haien arrakasta bultzatzeko laguntza ekonomikoa eta tresnak eskainiz”, adierazi du Jesica Ruiz Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak.
Gauzak horrela, bideratutako zenbatekoa (62.000 euro), 2024an baino 12.000 euro gehiago da, eskaera kopuruak gora egin baitu. Eskaera bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 4.000 eurokoa izango da, eta egindako inbertsioaren % 60raino helduko da. Onartutako eskabideen kopurua erabilgarri dagoen kopuru osoa baino handiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionalki hainbanatuko da onuradunen artean.
Pertsona autonomoek eta mikroenpresek eskatu ahal izango dute laguntza hori, hau da, 10 langile baino gutxiago dituzten negozioek, baldin eta honako baldintza hauetako bat betetzen badute: kalean dagoen lokal batean jarduera ekonomiko berri bat hasi izana, negozioa ez dagoen leku batetik lekualdatu izana edo enpresa-transmisioaren bidez negozio bat eskuratu izana. Jarduera Durangoko lokal batean egin beharko da, eskatzailearen bizilekua edozein dela ere.
Dirulaguntza hau jaso dezaketen jarduera ekonomikoen artean txikizkako merkataritza, ostalaritza eta jatetxeak daude, baita Durangoko merkataritza suspertzen laguntzen duten beste jarduera batzuk ere.
Zentzu horretan, Ruizek merkataritzak eta ostalaritzak Durangoko bizitzan duten funtsezko papera azpimarratu du. “Tokiko merkataritza eta negozio txikiak funtsezkoak dira gure udalerriaren bizitasunerako. Laguntza horien helburua ez da ekimen berriak sustatzea bakarrik, baita Durangoko nortasunaren parte diren establezimenduen jarraipena bermatzea ere”, gehitu du.
Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean honakoak aurkitzen dira: lokalak erostea, alokatzea edo eskualdatzea; egokitzeko, eraberritzeko eta modernizatzeko obrak; altzariak eta ekipamendua; funtsezko hornidurak, hala nola elektrizitatea, ura, gasa eta Internet; kudeaketa-gastuak, irudi korporatiboaren diseinua eta martxan jartzeko zerbitzuak, eta ekintzailearen edo enpresa eskatzailearen Gizarte Segurantzako gastuak.
Epeak
Laguntza eskuratzeko, negozioak Durangoko kalean dagoen lokal batean egon behar du, eta 2023ko azaroaren 22tik 2024ko abenduaren 31ra bitartean eman behar du alta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan. Jarduera gutxienez dirulaguntza eman eta sei hilabetera egongo da martxan. Gainera, eskatzaileak ezingo du antzeko jarduerarik egin lokal berean eskaera egin aurreko sei hilabeteetan.
Eskaerak martxoaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira eta Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira. Salbuespen gisa, baliabide digitalik ez dutenek aurrez aurre egin ahal izango dute izapidea Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ), Barrenkale 17an.
Argibide gehiago jasotzeko, Turismo eta Merkataritza Sailera jo daiteke honako helbide elektronikoaren bidez: turismo@durango.eus edo telefono hauetara deituta: 94 603 39 38 eta 94 655 05 50.