DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zornotzako EH Bilduk helegitea aurkeztu du espazio publikoko ordenantzagatik

Datozen hilabeteetan parte-hartze prozesu bat egingo dute ekarpenak jasotzeko

EH Bilduk helegitea aurkeztu du 

AMOREBIETA-ETXANO | Joan den urriaren 29an, EH Bilduren zerbitzu juridikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, EAJk eta PSE-EEk Amorebieta-Etxanon espazio publikoaren erabilera eta kaleko salmenta arautzeko uztailaren 29an egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zuten udal-ordenantzaren aurka, araudi berriak forma- eta eduki-akatsak dituela iritzita.

Koalizioak azaldu duenez, epaitegietara jotzeko erabakia Udal Gobernuak EH Bilduk eta “Ordenantza honi ez!” herri plataformak araudi bat zuzentzeko eta hobetzeko aurkeztu zituen alegazio guztiak atzera bota ostean etorri da. Izan ere, “polemika handia sortu du herrian, bere izaera murriztaileagatik eta bere testu anbiguoagatik, ez baititu zehazten baimen bat emateko edo ukatzeko irizpide objektiboak, eta, beraz, Udal Gobernuak erabakiko du, modu arbitrarioan, zein ekintza egin daitezkeen eta zeintzuk ez”.

Era berean, EH Bilduk azpimarratu du herritar guztiei eragiten dien araudi batek ahalik eta adostasun zabalena izan behar duela. Hori dela eta, datozen hilabeteetan prozesu parte-hartzaile bat egingo dugu Amorebieta-Etxanoko eragile sozialen -elkarteak, merkatariak, ostalaritza… – eta eragindako pertsonen ekarpenak eta kezkak biltzeko, ordenantza hobe bat egiteko helburuarekin, auzitegiek azkenean EAJk eta PSE-EEk onartutako araudi polemikoa bertan behera uzten badute martxan jarri ahal izango dena.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top