Ekimenaren helburua herritarren artean euskarazko irakurketa sustatzea da, emakumeak protagonista dituzten edo emakumeek idatzitako lanak nabarmenduz

AMOREBIETA-ETXANO | Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan, Amorebieta-Etxanoko Udalak ekimen berri bat jarri du abian, herritarren artean euskarazko irakurketa sustatzeko. Ekintza hau maiatzean hasitako “Istorioen Txokoa” proiektuaren bidez garatuko da, eta helburua da gure hizkuntzan irakurketa bultzatzen jarraitzea, Gabonetako oporrak gertu daudela aprobetxatuz, une aproposa baita liburu on batez gozatzeko.
Liburuak herriko hainbat gunetan kokatuta dauden liburutegiko armairu horietan egongo dira eskuragarri, adin guztietako herritarrek horietatik hartu ahal izateko. Euskarazko liburuen aukeraketa oso anitza izango da, genero desberdinetakoak: ipuinak, eleberriak, album ilustratuak, komikiak eta poemak. Gainera, oraingo honetan, lehentasuna emango zaie emakumezko protagonistak dituzten liburuei edo emakumezko egileek idatzitako liburuei, emakumeen ikusgarritasuna areagotzeko asmoz.
Herritarrek armairuetatik liburuak hartu ahal izango dituzte eta, horrez gain, euren euskarazko liburuak trukatzeko aukera ere izango dute. Dinamika honek ez du soilik irakurketa sustatzen, baizik eta kultura-trukea eta elkarlana ere, euskarazko liburuak partekatzeko gune bat sortuz.
Udalak herritarrak ekimen honetan parte hartzera gonbidatzen ditu, euskararen erabilera sustatzeko eta Gabonetako oporraldiak aprobetxatuz euskarazko literaturaz gozatzeko.


