DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zaldibarreko Eitzaga auzoko Bekoerreka errekastotik 174 m³ banbu kendu da

Espezie inbaditzailea da, bertako landareak lekuz alda ditzakeena eta tokiko biodibertsitatea aldatzeko ahalmen handia duena

Eitzaga auzoko Bekoerreka errekastotik 174 m³ Banbu kendu da.

ZALDIBAR | Eitzagako (Zaldibar) Bekoerreka errekaren zati batean 174 m³ banbu kentzeko lanak amaitu ditu URAk, 600 m²-ko eremuan, espezie horren hedapena kontrolatzeko eta espezie inbaditzaileen presentzia desagerrarazten saiatzeko. Jarduketa lau astez luzatu da eta 32.594 euroko inbertsioa suposatu du.

“Lehenik, aireko zatia motozerrarekin moztu zen, lurraren arrasean, eta, gero, lurpeko zurtoinen (edo errizomen) sustraiak kendu ziren, lurra mugitzeko atzerako hondeamakina bat erabiliz. Aireko hondakinak eta errizomak biomasa gisa erabiltzeko baimendutako kudeatzaileari eraman zitzaizkion. Gainera, eskuzko errepasoa egin zen, lurrean sakabanatuta gera zitezkeen errizoma-zati txikiak ateratzeko”, adierazi dute Uraren Euskal Agentziatik.

Ibaiertza lehengoratzeko, jutezko manta batez estalitako adarrak jarri ziren. Ibaiertzaren behealdean, adar-sortak lerrokatu ziren urarekiko paraleloan. Gainera, lur emankorra gehitu zitzaion kaltetutako eremuari, lehengoratzeko. Ondoren, zuhaixkekin eta zuhaitz autoktonoekin landareztatu zen eremua, eta ibaiertzeko haltzadi kantauriarraren berezko belarkiak erein ziren.

Espezie inbaditzailea

Banbuak (Phyllostachys sp) hainbat arazo eragin ditzake ur-ekosistemetan. Espezie inbaditzailea da, bertako landareak lekuz alda ditzakeena, tokiko biodibertsitatea aldatzeko ahalmen handia duena, lurzoruaren higadura-dinamikari eragin diezaiokeena (hazkunde trinkoak lurzorua gehiegi egonkortu dezake, eta horrek higadura- eta sedimentazio-patroi naturalak alda ditzake) edo ur eta elikagai kopuru handiak kontsumitu ditzakeena, espezie autoktonoentzako baliabideen eskuragarritasuna murriztuz.

Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top