Udalak egoera salatu du eta herritarrak Elorrioko osasun zentrora joan behar izatea kritikatu du, bi herrien arteko garraio publikorik gabe
ZALDIBAR | Zaldibarko Udalak jakitera eman du azken asteetan ez dela medikurik egon Zaldibarko osasun zentroan. Hainbat pertsona Udaletxera joan dira, egoera horrekin kezkatuta. Horregatik, Udala Barrualde-Galdakao ESIko arduradunekin harremanetan jarri zen egoera bertatik bertara ezagutzeko, eta Osasun iturriek atzo, irailaren 2an, astelehena, baieztatu zuten Zaldibarrek ez duela medikurik izango gutxienez datozen bi hilabeteetan, eta udalerriko bizilagunek Elorrioko osasun-zentrora joan beharko dutela. «Gogoratu behar da normalean Zaldibarrek bi mediku izaten dituela eta ez dagoela garraio publiko zuzenik Zaldibar eta Elorrio artean», salatu dute udaleko iturriek.
Horregatik guztiagatik, Zaldibarko Udalak Osakidetzari eskatzen dio lehenbailehen berrezarri dezala Zaldibarko mediku-zerbitzua, zerbitzu duina eskaini ahal izateko eta, mediku-zerbitzua berrezarri arte, bizilagunak gertuen dagoen osasun-zentroan artatu ahal izateko, eta, hala ez bada, pertsona horiek dagokien osasun-zentrora eraman ahal izateko.
Berrizen
Ez da egoera horretan dagoen udalerri bakarra. Berrizek uda osoa darama mediku gabe, eta ostegun eguerdian elkarretaratzea antolatu dute egoera salatzeko.