DOT Durangaldea

94 6550 033   info@dot.eus

ZUZENEAN

Zaldibarrek Elexpe-Sanjuangoko kultur etxearen proiektuaren berri emango du

Gobernu taldeko ordezkariek azpiegitura berriari buruzko xehetasun guztiak emango dituzte asteartean, maiatzak 28, egingo den informazio-bileran

Bilera datorren asteartean, maiatzak 28, izango da.
Bilera datorren asteartean, maiatzak 28, izango da.

ZALDIBAR | Alde zaharreko Elexpe eta Sanjuangoa etxeetan Kultur Etxe bat eraikitzeko prozesu parte-hartzailea abian jarriko du Zaldibarko Udalak. Udalerriarentzat proiektu garrantzitsua eta estrategikoa denez, gobernu-taldeak patxadaz garatuko du proiektua, urratsez urrats. Horregatik, prozesuaren lehen urratsa herritarrei informazioa modu irekian ematea izango da. Gobernu-taldeko kideek azpiegitura berriari buruzko xehetasun guztiak emango dituzte herritar guztiei zuzendutako informazio-bilera batean. Topaketa maiatzaren 28an izango da, Liburutegi Zaharrean, 18:30ean.

Horretaz gain, herriko kaleetan erakusketa bat jarriko da proiektuaren ezaugarriak zehaztuz. Gobernu-taldeko kideak kalean egongo dira bizilagunei informazioa ematen. Erakusketaren egunak, orduak eta lekuak honako hauek dira:

Maiatzaren 31n, 16:30ean, Udaletxeko plazan.
Maiatzaren 31n, 18:00etan, Artiako lurpeko pasabidearen ondoan.
Ekainaren 1ean, 11:00etan, San Andres parkean.
Ekainaren 1ean, 12:30ean, Zaldua plazan.

Zaldibarrek behar duen Kultur Etxea

Gobernu taldearentzat lehentasuna da Elexpe-Sanjuangoan Kultur Etxe bat prestatzea. Horrela, udalerriak funtzio anitzeko azpiegitura izango du, orain arte izan ez duena. Izan ere, kultur zerbitzuak eskaintzeaz gain, azpiegitura berriak beste jarduera asko egiteko ere balioko du. Eraikinean egokituko den ekitaldi-aretoak eta erabilera anitzeko aretoak zerbitzu multifuntzionala eskainiko diete bizilagunei. Gainera, horrek guztiak beste bizi-onura bat ekarriko dio udalerriari: alde zaharra biziberritzea eta, bide batez, haren ondarea berreskuratzea. Izan ere, Elexpe eta Sanjuangoa etxeak udal-jabetzakoak diren arren, eraikinetan ez da mantentze-lanik egin urteetan, eta, ondorioz, eraikina hondatu egin da.

Eneritz Azpitarte alkateak maiatzaren 28an egingo den bilera informatiboan parte hartzeko deia egin du. “Udalerriarentzat ezinbestekoa den proiektu baten aurrean gaude. Elexpe-Sanjuangoaren proiektuari esker, Zaldibarrek kultur etxe bat izango du laster, orain arte izan ez duena, eta era askotako jarduerak eskaintzeko ere balioko duena. Gainera, proiektu honek aukera paregabea eskaintzen digu alde zaharra biziberritzeko eta bertako ondarea berreskuratzeko. Honen guztiaren garrantziaz jabetuta, herritarrekin partekatuko ditugu pausoz pauso eta modu bateratuan bidea egiteko behar diren informazio eta ezaugarri guztiak “, adierazi du alkateak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top