Udalak eta Gerediaga Elkarteak musika, literatura eta euskarari loturiko ekitaldi sorta prestatu dute martxorako

ZALDIBAR | Zaldibarko Udalak eta Gerediaga Elkarteak Bittor Garitaonandiaren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko ekitaldi sorta prestatu dute. Euskaltzale, konpositore, idazle eta euskaltzain urgazle izan zen zaldibartarra omentzea da asmoa, azken aldiz duela 50 urte egin zitzaion aitortzaren ondoren. Martxoan zehar, musika, literatura eta euskararen inguruko hitzorduak hartuko ditu herriak.
Ekitaldi sorta erakusketa batekin abiatuko da; izan ere, martxoaren 5etik 15era liburutegi zaharrean Garitaonandiaren ibilbidea jasotzen duten panelak, idatziak eta partiturak egongo dira ikusgai. Literaturak ere bere tokia izango du hurrengo egunean, 8 eta 12 urte bitarteko ume zaldibartarrek parte hartutako ipuin lehiaketaren sari banaketarekin; ekitaldia 18:30eta egingo da ospitale ondoko kaperan eta guztira 38 lan aurkeztu dira lehiaketara. Gainera, martxoaren 7an Euskaltzaindiak jendaurreko batzarra egingo du udaletxean, 12:00etan, non Joseba Sarrionandiak Garitaonandiaz eta Zaldibarko literaturaz jardungo duen.
Amaiera
Omenaldi sorta martxoaren 14an amaituko da, Donostiako Orfeoiak Olazarko frontoian eskainiko duen kontzertuarekin, 19:30etan. Sarrerak otsailaren 23tik martxoaren 6ra egongo dira salgai udal liburutegian, bost euroan. Eneritz Azpitarte alkatearen esanetan, Garitaonandiak “argi izpi zabal bat ekarri zuen dena egiteke zegoen garaian”; Gerediagako Gotzon Gomezek, berriz, azpimarratu du haren ekarpena Euskal Pizkundeko ondarearen parte dela, eta bere oroimenerako prestatu duten ariketak “etorkizunerako pistak ere eman ditzakeela”.


