Otsailaren 25ean bilera herrikoia egingo da proiektuak aukeratzeko
ZALDIBAR | 2025eko aurrekontua aberaste aldera, Zaldibarko Udalak aurrekontu parte hartzaileak egingo ditu. 20.000 euroko zuzkidura prestatu du horretarako, eta epe bat ezarri du herritarren proposamenak jasotzeko: bizilagunek urtarrilaren 20tik otsailaren 3ra arte aurkeztu ahalko dituzte udalerria hobetzeko ekarpenak, aurrez aurre zein Internet bidez, bai udal bulegoetan, udal liburutegian, baita udalaren web orrian ere. Ondoren, otsailaren 25ean, udalak herri batzarra egingo du; bertan erabakiko dira aurrekontu orokorraren zati izatera igaroko diren proiektuak.
Udalak gogoratu du proposamenak udalaren eskumenekoak izan beharko direla. Gisa honetakoak, adibidez: hirigintza, obrak eta zerbitzuak, berdintasuna, kultura, hezkuntza, euskara, gazteria, gizarte ekintza, ingurumena, osasuna eta herritarren segurtasuna. Eneritz Azpitarte alkateak ekarpenak egitera deitu ditu herritarrak: “Aurrekontu parte hartzaileek herritarren kezkak eta proposamenak modu zuzenean jasotzeko aukera eskaintzen digute. Zaldibar hobetzeko funtsezko tresna dira, eta oso baliagarriak udalaren eta herritarren arteko hurbiltasuna, lankidetza, sustatzeko”.