“Arazo handia dugu etxebizitzarekin, eta gure esku dagoen guztia egin behar dugu horri heltzeko”, azaldu du Eneritz Azpitarte alkateak

ZALDIBAR | Zaldibarko udalbatzak 2026ko ordenantza fiskalak onartu ditu asteon egindako osoko bilkuran. Neurriek EH Bilduren aldeko botoekin egin dute aurrera; kontra egin dute EAJk eta PSE-EEk.
Neurrietako batek etxebizitza hutsen jabeei eragingo dio, udalak % 150eko errekargua ezarriko baitie higiezinoi. Bizkaiko Foru Aldundiak etxebizitza hutsei % 50eko gainordaina ezartzeko aukera eskaini du orain arte, baina kopuru hori % 150era arte handitzeko aukera aktibatu du oraintsu. Hori horrela, Zaldibarko Udalak gainkargu kopururik handiena ezartzea erabaki du, udalerriko etxebizitza hutsen merkaturatzea eta alokairua bultzatzeko. Eneritz Azpitarte alkateak erabakia arrazoitu du: “Arazo handia dugu etxebizitzarekin, eta gure esku dagoen guztia egin behar dugu horri heltzeko. Honako hau ez da arazoari irtenbidea emateko pauso definitiboa, bai, ordea, konponbideari begirako urratsa”.
Bestalde, 2026ko zerga eta tasa arruntak % 2,5 igoko dira, hondakinak batzeko zerbitzuagatiko tasa salbu. Azken hori % 15 igoko da, zerga Europar Batasunak agindutako legedira egokitzeko.



