Zaldibarko Koral Elkarteak botako du txupina, azaroaren 28an, bere 80. urteurrenean

ZALDIBAR | Igande honetatik aurrera, zaldibartarrak neguko jaiak, sanandresak, ospatzen hasiko dira. Azaroaren 23an, XXVI. Neguko Nekazaritza Azokak girotuko ditu Euskal Herria kalea eta inguruak. 11:00etatik aurrera, 26 elikagai ekoizlek eta 21 artisauk beren produktuak salduko dituzte dituzte ferian. Baserritar ekoizleen kategorian, 8 barazki saltzaile, 7 okintza postu, 4 eztigile, 4 gazta ekoizle eta ahatekiak, kontserbak zein postreak ekoizten dituzten beste 8 postu egongo dira. Era berean, eguerditik aurrera, Ilargi elkartearen argazki erakusketa egongo da liburutegi zaharrean.
80 urteurrena
Zaldibarko Koral Elkarteak 80 urte bete ditu aurten, eta arrazoi horregatik, abesbatzak izango du sanandresetako txupina jaurtitzeko ohorea. Suziria azaroaren 28an botako dute, 19:00etan; segidan, kantu kalejira egingo dute trikitilariak, panderojoleak eta musika eskolako kideak lagun; 19:45ean, pintxo solidarioak eta DJ Josemari egongo dira Olazarren. Neguko jaietako beste ekitaldietariko batzuk Tor magoaren saioa, jubilatuen bazkaria, pilota partidak eta umeentzako jolasak dira. Ekitaldien xehetasun eta ordutegi guztiak egitarauan daude kontsultagai.


