DOT Durangaldea

Zaldibar festa giroan murgiltzeko prest datorren ostegunetik aurrera

Hamadako Izarrak elkarteak botako du txupinazoa udaletxeko baliotik ostegunean

Uztailaren 2an hasiko dira jaiak

ZALDIBAR | Dena prest dago uztailaren 2tik 5era Zaldibaruko kaleak jai giroz, musikaz eta ekintzez betetzeko. Aurten ere, herria topagune bilakatuko da eta ez da ezer faltako: gastronomia, kontzertuak, herri kirolak eta, nola ez, elkartasun keinu potolo bat txupinazoan. Gainera, asteburu honetan bertan hasiko dira motorrak berotzen Eitzagan!

Zaldibartarrek ondo jatea maite dutela argi dago. Aurten ere, sabela bapo betetzeko aukera ederra egongo da:

  • Tortilla txapelketa eta herri bazkari jendetsua.

  • Lomo eta sardina jatea Olea kalean.

  • Odoloste dastaketa bikaina Bekoetxe kalean.

Musika izango da jaien motorra. Kaleak girotzen hiru elektrotxaranga arituko dira: Matraka, Elektrotxufla eta Gotx. Baina adi, agertokira igoko diren taldeek ere itxura itzela baitute:

  • Erromeria: Altxa Porru.

  • Akustikoa: Nebar.

  • Rock eta indarra: Sukena, Streetwise eta Xaukena Xauk.

  • Gaupazaleentzat: Hainbat DJ arituko dira goizaldeko ordu txikiak arte.

Kulturak ere bere lekua izango du. Uztailaren 5ean, maila goreneko bertso saioa egongo da Zaldua plazan Leire Vargasen gidaritzapean: Xabat Illarregi, Aitor Etxebarriazarraga, Saioa Alkaiza eta Unai Iturriaga. Antzerkiari dagokionez, Markeliñe talde zornotzarrak ‘Artilusio’ kaleko ikuskizuna eskainiko du.

Kirolariek eta umeek ere izango dute non aukeratu: areto futbola, 3×3 saskibaloia, pilota partidak, herri kirolak, ginkana eta apar festa egongo dira eta!

Aurten, une hunkigarriena uztailaren 2an, 18:45ean, biziko da. Hamadako Izarrak elkarteak botako du txupinazoa udaletxeko baliotik. Jai Batzordeak beraien lana saritu nahi izan du, urtero Saharako haur errefuxiatuak hartzen baitituzte Olazar aterpetxean Oporrak Bakean programari esker. Gainera, aurten 50 urte betetzen dira Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararra proklamatu zenetik; beraz, elkartasuna adierazteko eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko keinua ere izango da.

💜 Errespetua eta berdintasuna: Eneritz Azpitarte alkateak eta herriko talde feministek argi utzi dute: “Zaldibar indarkeria matxistarik eta erasorik gabeko herria izatea nahi dugu. Erasotzaileek ez dute lekurik gure artean”.

Aurten jaien berri emango duen kartela Huescatik dator. Noemí Ruizek irabazi du lehen saria (250 €). Bigarren saria Ibone Gómez zaldibartarrarentzat izan da (150 €) eta haurren kategorian Olaia Uribarri izan da txapelduna (100 € herriko denda eta tabernetan gastatzeko). Guztira, 17 lan aurkeztu dira aurten!

Zaldibar herriguneaz gain, auzoek ere badute euren txanda:

  • Eitzaga: San Pedro jaiak asteburu honetan bertan! Ekainaren 26tik 29ra.

  • Goierri: Uztailaren 17tik 19ra.

  • Urizar eta Sallabente: San Lorentzoak, abuztuaren 10ean.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top