Hamarkada bateko ibilbidea ospatzeko, antolakuntzak erronka berezi bat gehitu du

MENDIA | Hamarkada bat igaro da Zaldai Mendi Erronka lehen aldiz martxan jarri zenetik, eta antolatzaileen balorazioa oso positiboa da, hasieratik planteatutako bi helburu nagusiak bete direla nabarmenduta: batetik, Euskal Herriko mendi eta txoko desberdinak ezagutaraztea, eta bestetik, mendizaletasuna sustatzea, askorentzat mendian trebatzeko pizgarri bihurtuz.
Urteurren berezi hori ospatzeko, antolakuntzak dagoeneko prest du 10. edizioa: Zaldai Mendi Erronka 2026, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean garatuko dena. Ohiko moduan, erronka adin guztietara egokituta egongo da, txikientzat, gazteentzat zein nagusientzat pentsatutako ibilbide eta erronkekin.
Aurtengo edizioaren berrikuntza nagusia “Erronka Extra” izango da. Modalitate berri honek Euskal Herriko lurralde bakoitzeko mendi adierazgarrienak izango ditu ardatz: Gorbea Araban, Anboto Bizkaian, Aizkorri Gipuzkoan, Hiru Erregeen Mahaia Nafarroan eta Orhi Iparraldean. Antolakuntzak jakinarazi duenez, mendi horiek ohiko erronkan txertatzen dituztenek zein bost tontorrak soilik igotzen dituzten parte-hartzaileek oroigarri berezi bat jasoko dute 10. edizio honetan.
Parte hartzeko araudia eta mendien zerrenda eguneratua dagoeneko prest daude, eta parte-hartzaileek lagungarri izango dituzte, besteak beste, igoerak markatzeko eta datak jasotzeko orriak, baita mendi tontorretan uzteko testigantza-txartelak ere.
Bestalde, Zaldai Mendi Erronka 2025 edizioak abenduaren 31n emango dio amaiera, eta jada 50 finalista baino gehiago daude. Sarien banaketa urtarrilaren 27tik otsailaren 1era bitartean egingo da, Iurretako IX. Mendi Astearen barruan antolatuko den ekitaldi batean.
Antolatzaileek interesa duten guztiei parte hartzera animatu diete, eta ekimenak azken hamar urteotan izan duen harrera ona nabarmendu dute, mendizaletasuna eta Euskal Herriko mendien ezagutza sustatzeko tresna gisa sendotuta.


