DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zabalik Zornotzako Udalekuetan eta GaueroUDAN programetan izena emateko epea

Hezkuntza, inklusioa eta dibertsioa uztartzen dituzten bi proposamen dira

Udalekuak 2025 eta GaueroUDAN 2025

AMOREBIETA-ETXANO | Beste behin, Amorebieta-Etxanoko Udalak hezkuntza zein aisialdia sustatzen ditu herriko haur eta nerabeei zuzenduta uda honetarako antolatu dituen programen bidez: Udalekuak 2025 eta GaueroUDAN 2025.

Bi proposamen horiek haur eta gazteen garapenaren fase ezberdinetara egokitutako eskaintza osatzen dute eta ikaskuntza, gozamena eta elkarbizitza sustatzea dute helburu, eskola-oporraldian zehar.

Udalekuak 2025

Udalekuak 4 eta 12 urte bitarteko haurrei daude zuzenduta (2013 eta 2021 artean jaiotakoak) eta ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitartean garatuko dira, lau astetan banatuta. Parte hartzaileek bi ordutegi aukeratu ahal izango dituzte: 9:00etatik 13:00etara (A txanda) edo 9:00etatik 15:00etara jangela zerbitzuarekin (B txanda). Horrez gain, zaintza zerbitzua egongo da 8:00etatik 9:00etara. Jarduerak Larrea HLHIn eta udal instalazioetan egingo dira.

GaueroUDAN 2025

GaueroUDAN programak, berriz, 13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduera dinamikoagoa eta abenturazaleagoa eskaintzen du. Bi txanda eskainiko dira: ekainaren 23tik 27ra lehena eta ekainaren 30etik uztailaren 4ra bigarrena, biak, 9:00etatik 14:00etara (jardueren arabera aldaketak izan ditzakeen ordutegiarekin). Ekintzen artean talde-dinamikak, irteerak, txangoak eta abentura-jarduerak egongo dira, bai Amorebieta-Etxanon bertan, bai beste herri batzuetan.

Izen-ematea

Izena emateko epea maiatzaren 4ra bitarte izango da, eta online, udal webgunean (www.amorebieta-etxano.eus) edo aurrez aurre egin ahal izango da, Gazte Informazio Bulegoan. Parte hartzeko, derrigorrezkoa izango da dagokion Ametx Txartela aktibatuta izatea (UME edo Gazte txartela, adinaren arabera).

Eskariak eskaintza gainditzen badu, zozketa publiko bat egingo da maiatzaren 16an, eta Amorebieta-Etxanon erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna. Horrez gain, familia errenta baxuak dituztenentzat hobari ekonomikoak aurreikusi dira, eta hezkuntza-premia bereziak dituzten parte-hartzaileentzat plazak gordeko dira, laguntza profesional espezifikoarekin inklusioa bermatzeko.

Programa biek Amorebieta-Etxanok haur eta gazteekin duen konpromisoa erakusten dute, uda partean kalitatezko aisialdi hezitzailea eskaintzeko asmoz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top