DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zabaldu da Durangoko gazteentzako 2025eko alokairu-laguntzen deialdia

42 pertsona 2022an, 22 pertsona 2023an eta 19 pertsona 2024an

Eskaerak aurkezteko epea 2025eko martxoaren 31n amaituko da

DURANGO | Durangoko Udalak, Gazteria Sailaren bidez, 2025eko alokairu-laguntzen deialdia ireki du, udalerriko gazteen emantzipazioa errazteko helburuarekin. Ekimen honek laguntza ekonomikoa eskaintzen die gazteei alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko. Eskaerak aurkezteko epea 2025eko martxoaren 31n amaituko da.

Laguntza hau 18 eta 35 urte bitarteko Durangon erroldatutako gazteei zuzenduta dago, eta hauek dira bete beharreko baldintzak:

  • Etxebizitza baten jabe ez izatea.
  • Alokairu-kontratua Bizilagunen erregistratuta egotea.
  • Urteko diru-sarrerak ez izatea 25.000 euro gordin baino gehiago.
  • Alokairuak gehienez 850 eurokoa izan behar du (aurten mugak igo egin dira).

Gainera, laguntza hau ez da bateragarria beste alokairu-laguntza batzuekin, baina bai Eusko Jaurlaritzako EMANTZIPA programarekin.

Udalak aurreko urtean ezarritako tramitazioaren sinplifikazioa mantenduko du, eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa murriztuz. Zenbait egiaztapen Elkarreragintasun atariaren bidez egingo dira, betiere eskatzailearen baimenarekin.

Deialdi honetarako, Udalak 50.000 euroko partida bideratu du. Azken urteetan, laguntzen onuradunen kopurua aldatu egin da: 42 pertsona 2022an, 22 pertsona 2023an eta 19 pertsona 2024an. Hala ere, batez besteko laguntzaren zenbatekoa handitu egin da, eta 1.556,75 eurokoa izan zen 2024an.

Eskaera

Eskaerak aurkezteko bi aukera daude. Interesdunek eskaera aurrez aurre egin dezakete Durangoko Udaleko HAZ bulegoan, edo, bestela, online egin ahal izango dute Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (www.durango.eus/dirulaguntzak). Azken aukera hau erabiltzeko, beharrezkoa izango da ziurtagiri digitala izatea. Informazio gehiago nahi izanez gero, Udalarekin harremanetan jar daiteke andera@durango.eus helbide elektronikoan edo 94 603 00 13 telefono zenbakian.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako GAZ Emantzipazio Zerbitzuak gazteei informazioa eta aholkularitza eskaintzen die etxebizitza, enplegu eta prestakuntza arloetan. Zerbitzu honekin harremanetan jartzeko, Whatsapp bidez (646 10 91 26), posta elektronikoz (gaz@euskadi.eus) edo gaz.eus webgunearen bidez egin daiteke.

Jesica Ruiz alkateordeak adierazi duenez, “Etxebizitza gure Gobernu Planaren ardatz nagusietako bat da, eta alokairu-laguntzen deialdi honek Durangoko gazteen emantzipazioarekiko dugun konpromisoa sendotzen du. Badakigu etxebizitza eskuratzea erronka nagusietako bat dela gazteentzat, eta horregatik jarraitzen dugu prozesu hau errazteko neurri zehatzak bultzatzen. Gainera, izapideak sinplifikatu ditugu, eskaera azkarragoa eta eskuragarriagoa izan dadin. Durangoko gazteak animatzen ditugu aukera hau aprobetxatzera eta eskaera martxoaren 31a baino lehen aurkeztera”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top