DOT Durangaldea

Urduñako Udalak auzo eta biztanleguneen izen ofizialak eguneratu ditu

Onartutako proposamenak udalerriko 28 izendapen berrituko ditu, erregistro ofizialetan eta kaleiztegian koherentzia bermatzeko

Guztira 28 auzo eta biztanleguneren izendapenak gaurkotuko dira

URDUÑA |  Urduñako Udalak hiriko hainbat auzo eta biztanleguneren izen ofizialak eguneratzeko proposamena onartu du egindako osoko bilkuran Ekimenaren helburu nagusia toponimoak Euskaltzaindiak EAEko Izendegi Geografiko Ofizialean ezarritako irizpideetara egokitzea da, hiriko ondare historiko eta linguistikoa babestuz.

«2008ko udal-mapan onartu ziren izen batzuk ez ziren erregistro ofizialetan eta kaleiztegian jasorik geratu. Horren ondorioz, hainbat auzok gaur egungo forma arautuekin bat ez datozen izenekin jarraitzen dute, eta horregatik abiatu dugu eguneratze hau», azaldu du Iker Santocildes alkateak.

Aldaketa nagusiak auzoka

Guztira 28 auzo eta biztanleguneren izendapenak gaurkotuko dira euskal grafia akademikoari bide emateko. Aldaketa aipagarrienen artean honako hauek daude:

  • Belandian: Arbe-Belandia izatetik Arbe izatera igaroko da; Barrio Medio-Belandia orain Belandiabizkar izango da; Iturri Zaharra-Belandia, Iturrizarra; Rutxi-Belandia, Urrutxi; eta Ugarte-Belandia, Ugarte.

  • Lendoño Behekoan: La Iglesia-Lendoño de Abajo ordezkatzeko Elexalde erabiliko da; Poza eta Uria formak sinplifikatuko dira, eta Uria-Elexalde gunea Elexalde deituko da.

  • Lendoño Goikoan: Auzoak zein biztanleguneak Lendoñogoiti izen bateratua hartuko dute, eta Venta Fria-Lendoño de Arriba gunea Ventafría bihurtuko da.

  • Mendeikan: Aquejelo-Mendeika Akexolo gisa gaurkotuko da; Arteaga independenteki mantenduko da eta elizaren inguruak Elexalde / La Iglesia forma ofiziala hartuko du.

Bestalde, grafia egokitzapenak egingo dira hainbat eremutan: Aguasalada, Eras de Polancos, Antigua, Landata, Erripa edo Vistalegre bezalako formak gailenduko dira, baita santutegien izen arautuak ere (San Anton, San Frantzisko, San Migel, San Pelaio, Santa Klara eta Santa Kristina).

Erregistro ofizialak bateratzea

Alkategotik azpimarratu dutenez, aldaketa honek eraginkortasun administratiboa ere ekarriko du: «Ziurtatuko dugu erregistro eta estatistika ofizial guztietan erakunde eskudunek araututako formak jasoko direla, herriko toponimia babestearekin batera».

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top