Udazkenean 100 orduko Retail Design ikastaroa eskainiko da eta datozen hilabeteetan digitalizazio zein komunikazio prestakuntza berriak gehituko dira

URDUÑA | Urduña Bizi Urduñako Merkataritzako eta Enpresetako Elkarteak Urduña Bizi Eskola aurkeztu du gaur, irailak 14. Egitasmo honen helburua hiriko saltokiei, enpresei eta profesionalei tresna praktikoak eskaintzea da, beren lehiakortasuna hobetu, ezagutzak eguneratu eta merkatuko erronka berriei aurre egin diezaioten.
Aurkezpen ekitaldia elkartearen egoitzan egin da, eta bertan izan dira Sergio Lorenzo (Urduña Biziko presidentea), Patricia Olarte (CECOBIko merkataritza teknikaria), zein Irati Ortiz eta Leyre Albizuri (Urduñako Udaleko zinegotzia eta Ekonomia Promoziorako teknikaria, hurrenez hurren).
Programa egonkorra
Eskola berria lan-ildo iraunkor bat izateko bokazioz jaio da, noizbehinkako ekintzak baztertuz. Horrela, gaur bertan hasi da lehen prestakuntza, CECOBIrekin lankidetzan antolatutako «Bultzatu zure negozioa sare sozialetan» ikastaroa (irailak 14 eta 15), talde-saioak eta banakako aholkularitza uztartzen dituena.
Horrez gain, datozen hilabeteetarako egitaraua finkatu du elkarteak:
-
Urria (urriaren 19tik aurrera): RETAIL DESIGN: Visual Merchandising eta Eskaparatismo Goi-Mailako Ikastaroa (100 orduko prestakuntza praktikoa).
-
Urtarrila (urtarrilak 25 eta 27): Instagramen inguruko bi saio profilak optimizatzeko eta algoritmoa salmentetan aprobetxatzeko.
-
Martxoa (martxoak 15 eta 17): «Saltoki ikusgarriak: saltzen duten bideo laburrak» ikastaroa ikus-entzunezko edukiak sortzeko.
Apustu estrukturala
Sergio Lorenzo elkarteko presidenteak azpimarratu duenez, helburua ez da ekitaldiak edo kanpainak antolatzera mugatzea, baizik eta hiriko enpresa-sarea epe luzera sendotuko duten proiektuak eraikitzea. Proiektua «Ikasi hazteko, hazi Urduña haziarazteko» lelopean abiatu da, Udalaren eta CECOBIren babesarekin.


