DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Umeentzako gela estali bat eta Olazarko ur-txorrotak hobetuko dira Zaldibarren

Herritarrek proiektu horiek biak garatzea erabaki dute, aurrekontu parte hartzaileetako bozketan

Bozkatze-saioa astearte arratsaldean egin zen

ZALDIBAR | Herritarren eskariei eta premiei erantzunez, toki administrazioak aurrekontu parte-hartzaileen bozketaren emaitza jakinarazi du. Zehazki, proiektu bi garatzea erabaki dute, boto bidez, aurrekontu parte-hartzaileetako bozketan: 0-5 urte bitarteko haurrentzako gela bat atontzea eguraldiak laguntzen ez duen egunetan erabilgarri egon dadin -proiektu horrek 4.500 euroko aurrekontua dauka-, eta Olazarko ur-txorrotak hobetzea (15.000 euro).

Bozkatze-saioa astearte arratsaldean egin zen, Liburutegi Zaharrean. Bertan, hamabi proiektu eraman ziren bozketara, 20.000 eurora arteko mugarekin. Han baturiko herritarren artean, aipaturiko proiektu bi horiek izan zuten babesik handiena: gela estalia atontzeko proposamenak 26 boto jaso zituen; ur-txorrotak hobetzekoak, 20. Horrenbestez, herritarren eskariak bere eginda, Zaldibarko Udalak proiektuok urte honetan garatzeko konpromisoa hartu du.

Eneritz Azpitarte alkateak eskerrak eman dizkie aurrekontu parte-hartzaileetako prozesuan esku hartu duten herritarrei. Bai proposamenak egiten parte hartu dutenei, baita bozketan parte hartu dutenei ere. Era berean, herritar guztiak animatu ditu etorriko diren parte-hartze saio berrietan esku hartzera. “Arrekontuak erabakitzeko saio parte hartzaileak onuragarriak dira herriarentzako. Proiektuak aberasten dituzte, eta herriko instalazioak zein zerbitzuak hobetu. Aurrerantzean ere ildo horretatik jarraituko dugu, Zaldibar hobetzen; herritarren eta udalaren elkarlanean sakontzen”, adierazi du Azpitartek.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top