Udazken Txistulari Taldeak Udalaren babesarekin antolatuta, guztira bederatzi txistulari taldek hartuko dute parte

AMOREBIETA-ETXANO | Larunbat honetan, irailaren 20an, Txistu Egunaren hogeita laugarren edizioa ospatuko da Amorebieta-Etxanon. Udazken Txistulari Taldeak Amorebieta-Etxanoko Udalaren babesarekin antolatutako ekitaldi hau herriko kultur egutegian finkatuta dagoen hitzordua da eta helburu du txistuaren soinua zabaltzea eta musika tradizio hori herriko txoko guztietara hurbiltzea da.
Aurten, Euskal Herriko hainbat herritatik etorritako bederatzi taldek hartuko dute parte topaketan, eta herriko kaleak zeharkatuko dituzte banakako kalejiretan eta kalejira bateratu batean. Hauek dira talde parte-hartzaileak:
- Adurtza (Gasteiz)
- USARTZA (Eibar)
- OSKIA (Iruñea)
- GAZTEAK (Errenteria)
- GETXA GOI (Orduña)
- KANKINKABARA (Bermeo)
- JAIZALE (Durango)
- GURE AMETSA (Mungia)
- UDAZKEN (Amorebieta-Etxano)
XXIV. Txistu Eguneko egutegia:
- 17:00 – Banakako kalejirak: txistulari talde bakoitza udalerriko toki desberdinetatik abiatuko da, hala nola Ogenbarrena, Gane, Ixer, Sabino Arana, Zubibitarte, Zubipunte, Vivendas de Bizkaia, San Juan, Santa Ana eta Andanditik, musika tradizionala auzoetara eramanez.
- 18:00 – Kalejira bateratua: talde guztiak Amorebieta-Etxanoko erdigunetik kalejira batean batuko dira, Zelaieta Zentroan hasi eta udaletxera ibilbidea eginez, San Pedro kaletik, San Migeletik, Gernika Plazatik eta Andra Mari Plazatik jarraituz. Azken bi puntu horietan, gainera, emanaldia eskainiko dute. Ibilbide honek Ibaizabal kaletik jarraituko du Ogenbarreneraino, non, auzoko jaiak aprobetxatuz, emanaldia ere egongo den. Ondoren Veneziatik, Harrisonetik, Luis Urrengoetxetik eta Euskal Herria Plazatik jarraituko du, geldialdi bakoitzean kontzertuak eskainiz.
Udazken Txistulari Taldeak tokiko kulturarekin duen konpromisoa
Sortu zenetik, Udazken Txistulari Taldea aktiboki ari da lanean Amorebieta-Etxanon txistua sustatu eta zabaltzeko. Txistu Eguna antolatzeaz gain, taldeak kalejirak eskaintzen ditu igandero, urte osoan zehar (abuztuan izan ezik) eta baita auzoetako jaietan ere. Aipagarria da, halaber, Karmengo Jaietako Txistularien Kontzertu Nagusia, aurten 25. edizioa ospatu duena, musikari, dantzari, abesbatza, erraldoi eta kantarien parte-hartzearekin.