Desgaitasuna duten pertsonei zuzendua otsailaren 22an jokatuko da Larrea kiroldegian

AMOREBIETA-ETXANO| Otsailaren 22an, igandea, hitzordu berezia egongo da Amorebieta-Etxanoko Larrea kiroldegian. Bertan Saskibaloi I Topaketa jokatuko du, desgaitasuna duten pertsonei zuzendua. Ekimen hau Bizkaiko Saskibaloi Federazioak, Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioak, Zornotza Saskibaloi Taldeak eta Amorebieta-Etxanoko Udalak sustatu dute.
Jarduera doakoa izango da, adin guztietako eta edozein motatako desgaitasuna duten pertsonentzat irekia, eta kirolaren bitartez inklusioa sustatzea du helburu nagusi. Horrez gain, desgaitasun intelektuala duten kirolarientzako BBK Ligari ikusgarritasuna ematea bilatzen da. Bestalde, Zornotza ST taldearen babespean liga horretan parte hartuko lukeen talde inklusibo bat sortzeko interesa nahikoa den aztertzea ere bada asmoetako bat.
Eguneko egitaraua
Jardunaldia goizeko 10:00etan hasiko da, Larrea kiroldegian egingo den ongietorri batekin. 10:30etik aurrera, pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitutako jolas eta entrenamendu dibertigarriak egingo dira. 11:30etan, indarrak berritzeko hamaiketako txiki bat eskainiko da, eta 12:00etan hasiko da amaierako txapelketa: talde mistoak osatuko dira, guztiek elkarrekin kantxan gozatzeko aukera izan dezaten, giro inklusibo eta parte-hartzailean.
Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da horretarako prestatu den formularioa betez. Online izena emateko zailtasunak dituzten pertsonek, bestalde, WhatsApp bidez egin ahal izango dute (697 24 36 85), edo info@bkef.eus helbidera mezua bidalita. Kasu horietan, nahikoa izango da izen-abizenak, desgaitasun mota eta “Topaketak Baloncesto” gaia adieraztea.
Topaketa hau aukera paregabea da saskibaloiaz giro ireki, integratzaile eta irisgarrian gozatzeko, eta, era berean, komunitate inklusiboago baterako urrats sendoa ere bada. Antolakuntzatik interesa duten pertsona guztiak parte hartzera eta esperientzia eraldatzaile honen parte izatera gonbidatzen dira.


