Amaitu da probalekuaren inguruko prozesu parte hartzailea, eta, horrekin batera, egin
beharreko hobekuntza-lanak zehaztu dira

ABADIÑO | Azken fasera iritsi da Abadiñoko Udalak udaberrian abian jarritako prozesu parte hartzailea. Herritarren ekarpenekin, probalekua biziberritzea izan da helburua, espazio hori estalitako aisialdirako gune dinamiko eta bizi bihurtuz.
Abadiñarrek aurrekontu parte hartzaileetan lehenetsi zuten proiektua, presentzialki zein digitalki bozkatu ondoren. Haren ostean, aurrez aurreko hainbat saio egin dituzte elkarrekin proposamenak jasotzeko, berrikusteko eta lehenesteko.
Jasotako proposamenekin, eta proiektuari esleitutako 100.000 euroko aurrekontuarekin, Udalak honako hobekuntza-lan hauek eramango ditu aurrera: gradako lehen lerro guztietan baranda desmuntagarri bat jarriko da; lurreko tarimaren estruktura berrituko da, eta estrukturaz gain aldapa bat jarriko da; aldagela berri bat eta dantzarien materiala gordetzeko gune bat sortuko dira; lona bertikal bat jarriko da probalekua konpartimendu desberdinetan banatu ahal izateko; eta, azkenik, probaleku barruan eta kanpoan soinu-inmisioa neurtzeko azterketa egingo da.
Hobekuntza-lan horiek eginda, probalekua asteburuetan irekitzea proposatu dute herritarrek. Udalak lan horiek aurrera eramateko kontratazioak jarri ditu martxan, eta ahalegina egingo du neguan zehar zabalik egoteko.
Udal gobernu taldeak positiboki baloratu du prozesu osoa: “Prozesu parte hartzaile honek aukera eman digu iritzi ezberdinak jasotzeko eta herritarren beharrizanekin bat datozen hobekuntzak egiteko. Probalekua erabilera eta ibilbide handiko espazioa da, eta herritarrentzat erabilgarria eta eskuragarria izaten jarraitzeko hobekuntzak egin nahi ditugu”.
Beste hobekuntza-lan batzuk
Aurrekontu parte hartzaileetako diru partidaz gain, Udalak segurtasuna bermatzeko beharrezkoak ziren bestelako hobekuntza lan batzuk egin ditu udan zehar. Tartean, beheko sarrerako ate nagusia aldatu, eta pertsiana bat jarri da haren ordez; eta sokatirakoen entrenamendutarako polea-sistema seguru bat jarri da. Denera, 48.925 euroko kostua izan dute lan horiek.