DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Pausta tabernak irabazi du Durangoko I. Patata Tortilla Lehiaketa

Guztira 10.000 pintxo baino gehiago banatu dira

Tortilla lehiaketaren sari banaketa.

DURANGO | Herritar zein bisitariek otsailaren 6tik 23ra bitartean dastatu ahal izan dituzte Durangoko I. Patata Tortilla Lehiaketan parte hartu duten establezimenduen patata tortillak. Joan den igandean eman zitzaion amaiera lehiaketari eta guztira 10.000 pintxo inguru banatu dira.

Jesica Ruiz, Durangoko Udaleko Merkataritza zinegotzia, pozik agertu da lehiaketa berriak izan duen erantzunarekin. “Herritarren eta ostalaritzaren erantzunak erakusten du horrelako ekimenek gastronomia sustatzeaz gain, herriko jarduera ekonomikoa dinamizatzen ere laguntzen dutela. Hurbileko merkataritza indartu eta Durango erreferente gastronomiko bihurtuko duten ekitaldien alde egiten jarraitu nahi dugu”, adierazi du.

Sari banaketa gaur eguerdian egin da Kurutzesantu Museoan. Lehenik eta behin, epaimahai profesionalaren saria banatu da, eta lehen postua eman dio Paustari, perretxikoekin eta gaztarekin egindako patata tortillarekin. Establezimendu mitikoak 900 euroko saria jaso du.

TOP 5 PROFESIONALA

  1. Pausta
  2. Txukun
  3. Leku Berri
  4. Mikeldi
  5. Arripu

Herri-epaimahaiari dagokionez, Batzokia izan da tortilla onenaren irabazlea, desegindako bertsioarekin eta edalontzi batean aurkeztuta. Herritarrek gehien bozkatutako proposamenak 500 euroko saria jaso du.

TOP 5 HERRIKOIA

  1. Batzoki
  2. Mikeldi
  3. Xixilu
  4. Pausta
  5. Arripu

Gainera, sari-banaketa baliatu da egun hauetan herritarrek egindako bozketaren bidez hautatutako epaimahai herrikoiaren irabazlea ezagutarazteko: Judy Soto Lopez. 100 euro irabazi ditu parte hartzeagatik.

Durango Gilda Lehiaketa

Gaurko jardunaldia baliatu da gastronomia-lehiaketaren bigarren zatia aurkezteko, non gilda izango den protagonista. Otsailaren 27tik martxoaren 16ra bitartean eta 18 establezimenduk hartuko dute parte.

Parte hartzen duten establezimendu bakoitzak gilda bat eskainiko du, eta errezeta tradizionalean (antxoa, piparra eta olibak) osagai gehigarriak sartzeko askatasuna izango dute.

Tortilla lehiaketan bezala, lehiaketak bi sari-kategoria izango ditu. Epaimahai profesionalak gildek baloratuko ditu zaporea, gatza-puntua, tenperatura eta aurkezpena kontuan hartuta. Epaimahaiaren arabera gildarik onenak 900 euroko saria jasoko du.

Bestalde, herritarrek ere parte hartu ahal izango dute tabernetan jarriko diren hautestontzietan botoa emanez. Herritarrek gehien bozkatu duten gildak 500 euroko saria jasoko du. Gainera, bozketa herrikoian parte hartzen duten pertsona guztien artean 100 euroko zozketa egingo da.

Lehiaketa otsailaren 27tik martxoaren 16ra egingo da, eta gildak ostegunetik igandera egongo dira eskuragarri. Ostegunetan 19:30etik 22:00etara dastatu ahal izango dira, ostiral eta larunbatetan bi txandatan eskainiko dira, 12:00etatik 15:00etara eta 19:30etik 22:00etara, eta igandeetan, berriz, 12:00etatik 15:00etara.

“Honelako ekitaldiak funtsezkoak dira ostalaritza biziberritzeko, bereziki otsaila eta martxoa bezalako hilabeteetan, kontsumoa txikiagoa izaten denean. Gainera, haien eragina taberna eta jatetxeetatik harago doa, jendea kalera ateratzen denean tokiko merkataritzan ere mugimendua sortzen delako, kaleei bizia emanez. Bereziki interesgarria da lehiaketa gure gastronomiako produktu tipikoen inguruan antolatzea, gure nortasuna sendotzen baitu eta bertako eskaintzaren kalitatea eta tradizioa balioan jartzen baititu”, azpimarratu du Alex Palacios Dendak Bai-ko ordezkariak.

Bestalde, Jesica Ruizek herritarrak parte hartzera animatu ditu. “Tortilla lehiaketaren arrakastaren ondoren, ilusio handiz ekiten diogu lehiaketaren bigarren fase honi. Gilda nortasun propioa duen pintxoa da, eta ziur gaude parte hartuko duten establezimenduek beren bertsio sortzaileekin harrituko gaituztela. Herritarrei parte hartzera eta gure taberna eta jatetxeak babestera animatzen diegu. On egin!”

Informazio gehiago www.jangodot.eus atarian edo hemen

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top