Laguntzei esker, Bizkaiko basoetan kaltetutako eremuak berreskuratu eta suteen prebentzioa hobetu ahal izango da

Azken urteotan, Bizkaiko baso-eremu batzuetan kalteak izan dira, gaixotasunak, izurriteak, lehortea eta klima-aldaketarekin lotutako beste ondorio batzuk direla eta. Egoera horri aurre egiteko, Aldundiak lurraldeko hainbat eskualdetan jardungo du; horretarako, gaixotasunek kaltetutako zuhaitzak moztuko dituzte, baso-eremuak berreskuratzeko eta basoak normaltasunez birsortzen laguntzeko. Lan horiek udalerri hauetan egingo dira, besteak beste: Munitibar, Mendata, Ereño, Nabarniz, Kortezubi, Gautegiz-Arteaga, Ispaster, Markina-Xemein, Ziortza-Bolibar, Muxika, Karrantza, Otxandio, Zeanuri eta Dima.
Era berean, 639.439 euroko inbertsioaren bidez, lurralde historiko osoan baso-pistak garbitu eta ezpondetako sastrakak kentzeko lanak egingo dira, baso-eremuetarako sarbideak hobetzeko, landarediaren kudeaketa errazteko eta baso-suteen arriskua murrizteko.
Lan horiek guztiak 2026ko ekainaren 30a baino lehen amaitu beharko dira, eta honako helburu nagusi hauek izango dituzte: Bizkaiko mendiak babestea, haien lehengoratze naturala erraztea, gaixotasunen edo izurriteen hedapena saihestea, eta gero eta klima aldakorrago batera egokitzeko gaitasuna hobetzea.
Inbertsio horren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du ingurumena zaintzeko eta lurraldeko natura-ondarea kontserbatzeko konpromisoa, basoek herritar guztientzako bizi-, ongizate- eta gozamen-lekuak izaten jarrai dezaten.


