Ibilaldi osasungarriak ordubete inguruko iraupena izango dute, eta parte-hartzaile bakoitzaren beharretara egokituak daude

DURANGO | Durangoko Udalak, Mobidurango zerbitzuaren bidez, berriro ere ibilaldi osasungarriak antolatu ditu adineko pertsonentzat San Fausto eta Aramotz auzoetan. Ekimen honen helburu nagusia parte hartzen dutenen mugikortasuna, koordinazioa eta oreka sustatzea da, eta, aldi berean, aire zabaleko jarduera fisikoa bultzatzea eta bizilagunen arteko sozializazioa eta gozamena sustatzea.
Ibilaldiak ibilbide seguruak bermatzeko diseinatuta daude, ordubete inguruko iraupenarekin, eta jarduera fisikoaren zientzietako tituludunek gidatzen dituzte, jarduera parte-hartzaile bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko.
Oraingo honetan, ibilaldiak ekainaren 5ean, 12an, 19an eta uztailaren 3an egingo dira. Ordutegiak eta irteera puntuak honako hauek dira: Aramotzen 9:30etik 10:30era Otamotzena Gizarte Etxetik, eta San Fauston 11:00etatik 12:00etara eliza paretik.
Gainera, Udalak ohiko ibilaldi osasungarriak eskaintzen ditu asteazkenetan, 9:30ean, Kurutziagako iturritik irtenda, eta ekainaren 17ra bitarte izango dira.
Parte hartzeko, aurretik izena eman behar da, Adinekoen Arloaren bidez 944 657 451 telefonora deituz, edo Mobidurango zerbitzura 637 419 418 zenbakira deituz.


