DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

«Osakidetzaren egoera okerrera doa urtetik urtera, eta gehiago okertzen da oporretan»

Osasun zentroetako zerbitzu guztiak mantentzeko eskatu du EH Bilduk

Osasun zerbitzuen murrizketa salatu du EH Bilduk
Osasun zerbitzuen murrizketa salatu du EH Bilduk

DURANLGADEA | Eskualdeko EH Bildu kezkatuta agertu da osasun zerbitzuaren murrizketengatik. Argudiatu dutenez, Durangaldean urteak dira Osakidetzak bizi duen gainbeheraren adibide argia izaten. Orain dela urte batzuetatik hona EH Bilduk eskualdean bizi den egoera salatu du, “baina atsekabetuta eta erantzukizunez ikusten dugu, arreta eta zerbitzuak hobetu beharrean, egoera urtez urte okerrera doala. Egoera hori are gehiago okertzen da uda- eta opor-garaietan».

Azken aste eta hilabeteetan eskualdeko hainbat herritan osasun zerbitzuen egoera salatzeko protesta eta deialdi ugari egin direla gogorarazi dute. “Mobilizazio jendetsuenak Berrizen izan dira, eta bertan salatu da osasun-zentroko medikuen kopurua hirutik mediku bakarrera jaitsi dela”, argudiatu dute. Egoera horrek ere eragin zuzena du Garairengan. «Abadiñon, udalak kontzentrazio deialdiak egiten ditu asteazkenero Traña-Matienan pediatra zerbitzua eskatzeko, azarotik zerbitzu barik baitaude. Zaldibarren aste batzuk eman dituzte mediku bakarrarekin, baina bigarrena berreskuratu dute», gaineratu dute.

Koaliziotik azaldu dutenez, bajak edo oporrak ematen direnean ez dira ordezten eta zerbitzuak kolokan daude. «Horrek ere zuzenean eragiten die profesionalen arretari eta lan-baldintzei. Zornotzan, adibidez, larrialdietako medikurik gabe egon dira, eta urgentziak Durangora eta Usansoloko ospitalera bideratu dituzte», zehaztu dute.

Herri txikietan “asko” egiten du okerrera udan iragarritako itxiera eta ebakinekin. «Mañarian eta Izurtzan, adibidez, osasun-zentroa uztailaren 26tik abuztuaren amaierara arte bi egunez bakarrik egongo da irekita», salatu dute.

Durangaldeko udaletan osasun zerbitzuak hobetzeko mozioak behin baino gehiagotan aurkeztu dituztela gogorarazi du EH Bilduk. Horrekin batera, alkateek eta koalizioko ordezkariek bilerak egin dituzte Osakidetzako arduradunekin, “baina beti erantzun bera jaso dute: profesionalen falta dagoela eta ezin dutela ezer egin”.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk eskatu du udalerrietako osasun zentroetako zerbitzu guztiak mantentzea, Lehen Mailako Arretako murrizketekin amaitzea eta profesional faltarekin amaitzeko plangintza egitea.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top