DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

“Ombuaren Itzala” filma, martxoaren 20an eskainiko da Zornotzan

Patxi Bisquertek zuzendutako lanaren proiekzioa 19:30etan izango da Zelaietako auditorioan

Joseba Usabiaga eta Sara Cozar “Ombuaren Itzala” filmean.

AMOREBIETA-ETXANO | Datorren ostegunean, martxoaren 20an, Patxi Bisquert aktore eta zinemagile gipuzkoarrak zuzendutako “Ombuaren Itzala” filma eskainiko da Zelaietako Auditorioan, arratsaldeko 19:30ean. Filma euskal-argentinar koprodukzio bat da, Pello Mari Otaño (Zizurkil, 1857 – Rosario, 1910) bertsolariaren bizitza eta lana berreskuratzen duena. Otañok behin baino gehiagotan emigratu zuen Argentinara, eta arrasto sakona utzi zuen bertako herritarren artean.

Hala, “Ombuaren itzala” Euskal Herriko eta Argentinako hainbat lekutatik auzolanaren eredupean ahaleginak batu dituzten kolektibo eta pertsona askoren parte-hartzeari esker egin da. Amorebieta-Etxano lankidetza-sare horren parte izan da, eta babesa eman dio filmaren ekoizpenari. Eta hain zuzen esker ona adierazteko eskainiko da datorren osteguneko proiekzioa, filma zineman estreinatu aurretik.

Emanaldia auzolanean parte hartu zuten eta bere garaian 10 euroko bonuak erosi zituzten pertsonei zuzenduta dago. Bonu horiek filmaren kolaboratzaile gisa aitortzen ditu pertsona hauek, eta horregatik doan ikusteko aukera izango dute filma zirkuitu komertzialera eraman aurretik. Kasu honetan, txartela erosi zuten zornotzarrek datorren ostegunean, martxoak 20, ikusi ahal izango dute filma Zelaietako Auditorioan. Egun horretan, auzolangile eta ekoizle gisa izan duten lankidetza aitortzeko opari bat jasoko dute.

Hala ere, bonua ez duutenek ere filma ikusteko aukera izango dute, bi modutara:

  • Egunean bertan auzolankide eginez (10 €), ekoizle izan diren pertsonen baldintza berberekin.
  • Eguneko sarrera ordainduta (3€ eta inolako aitorpen gehigarririk gabe).

Euskal Herriko hainbat herritan aurkeztu ostean, Ombuaren Itzalak bere ibilbidea jarraituko du, Pello Mari Otañoren historia ahalik eta jende gehienari hurbiltzeko eta haren bizitza eta memoria ezagutzera emateko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top