DOT Durangaldea

Muntsaratzeko alokairuko 54 etxebizitza babestuen proiektuak aurrera egin du

Abadiñoko Udalak lurzati bat lagako dio Eusko Jaurlaritzari, etxebizitza berriak eraiki ahal izateko

 Muntsaratzen dagoen SR4 partzelaren irudia

ABADIÑO | Abadiñoko Udalak egindako agintaldi erdiko balorazio inkestan, etxebizitza izendatu zuten herritarrek udalerriko kezka nagusi gisa. Legegintzaldi honen hasieran, Udalak, Abadiñoko metabolismo demografikoaren diagnosia egin zuen, eta, bertan, etxebizitzaren inguruko hainbat beharrizan eta ondorio identifikatu ziren.

Denbora honetan, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko asmoz, hainbat izan dira Udalak aurrera eraman dituen neurriak: zenbait lokal etxebizitza bilakatzeko ordenantza, baserriak lau etxebizitzara arte zatitzeko aukera HAPOan aztertzea… Era berean, Udala Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin ari da harremanetan udalerrian alokairu publikoko etxebizitzak eraikitzeko helburuarekin. Bide horretan, Udala urriaren 30ean bildu zen azkenengoz Etxebizitza Sailarekin.

Abadiñarrek lehentasuna alokairu publikoko 54 etxebizitzetan

2008. urtean, Udalak salerosketa hitzarmen bat sinatu zuen Eusko Jaurlaritzarekin Muntsaratzen dagoen SR4 partzelan etxebizitza publikoak eraiki zitzan — txakurrentzako gunearen alboan—. Gaur egun arte, ez da proiekturik garatu lursail horretan etxebizitzak egiteko, baina, azken hilabeteotan, bi erakundeek lehentasuna eman diote proiektu horri. Eusko Jaurlaritzako Visesa alokairuko etxebizitza babestua sustatzeko sozietate publikoa ari da eremu hori kudeatzen, eta lizitaziora aterata dauka eremu horretan alokairu publikoko babes ofizialeko 54 etxebizitza eraikitzeko proiektuaren idazketa.

Urriaren 30eko bileran, 2008ko hitzarmena eguneratzeko zehaztasunak landu ziren. Era horretara, Abadiñoko Udalak ondoko lursaila —SR3 partzela— Eusko Jaurlaritzari lagako dio alokairuko etxebizitza publiko gehiago egin ahal izateko. Horrez gainera, Abadiñoko herritarrek lehentasuna izango dute etxebizitza horien sarbiderako.

2008ko hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 461.520 euro eman behar dizkio Udalari, lokalen bidez edo dirutan, lursail horiek ematearren. Etxebizitza Sailak proposatu du, zor hori, SR3 partzelako eraikinak egin ostean, dirutan beharrean etxebizitza kopuru bat emanez ordainduko zaiola Udalari. Urtea amaitu orduko, hitzarmenaren baldintzak zehaztuta uzteko borondatea adierazi dute bi aldeek.

Etxebizitza dotazionalak

Etxebizitza promozio horien beheko solairuetan, etxebizitza dotazionalak egiteko aukera aztertzen ari dira Udala eta Eusko Jaurlaritza. Eredu horrek aukera emango die behar bereziak dituzten edo emantzipatu nahi duten pertsonei aldi baterako etxebizitzak eskaintzeko.

Etxebizitza dotazionalak Abadiñoko beste eremu batzuetan eraikitzeko aukerari dagokionez, berriz, Eusko Jaurlaritzak adierazi du, gaur egun, ez duela Abadiñoko gainerako auzoetan halako etxebizitzarik egiteko aukerarik aurreikusten: beraien aurrekontua modu orekatuan erabili nahi dute herri desberdinen artean.

Udal gobernu taldearen hitzetan: “Badakigu etxebizitza duin eta eskuragarria lortzea dela Abadiñoko herritarren kezkarik nagusiena, eta arazo horri irtenbidea emateko proiektu zehatzak bultzatzen ari gara, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean eta alokairuko etxebizitza publikoen eskaintza handitzeko irtenbideak bilatuz”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top