Udalak adinekoen guneak hobetu nahi ditu, erabiltzaile eta jarduera kopuruak gora egin duelako

ABADIÑO | Abadiñoko Udalak herriko nagusien guneak hobetzeko bi proiektu garrantzitsu hasiko ditu datozen egunetan: Traña-Matienako jubilatuen egoitza handitzea eta Zelaietako jubilatuen taberna eraberritzea. Bi egitasmoak Legegintzaldi Agendan jasota daude eta elkarteen aspaldiko eskaerei erantzuten diote.
Traña-Matienan, adinekoen kopurua handitu denez, espazio gehiago izateko beharra gero eta nabariagoa da. Instalazioak handituta, jarduerak Nagusien gunean bertan zentralizatu nahi dira, Errota Kultur Etxearekiko menpekotasuna gutxituz eta ordutegi malguagoak eskainiz. Lehen urratsa handitze proiektua diseinatzea eta aurrekontua zehaztea izango da.
Zelaietan, tabernaren ingurunea oinezkotu ondoren, hurrengo pausoa barrualdea egokitzea izango da. Gaur egungo instalazioak, batez ere zorua eta komunak, zaharkituta daude eta proiektu berriak espazioa erabiltzaileen beharretara eguneratuko du.
Bi proiektuek talde politiko guztien adostasuna jaso dute Hirigintza Batzordean. Diseinu prozesuan San Prudentzio eta San Trokaz elkarteetako kideek eta hezkuntza komunitateko ordezkariek parte hartuko dute, udal teknikariekin batera.


