DOT Durangaldea

Matiena uholdeetatik babesteko proiektuaren lehen fasearen lizitazioa urtarrilerako

Laubideta eta Sarria ibaiak Ibaizabalekin bat egiten duen ingurunera arteko tartean, Matiena herrigunean

Jarduketaren aurrekontua 2,1 milioi eurokoa da

ABADIÑO | Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako Uraren Euskal Agentziak urtarrilean lizitatuko du Ibaizabal ibaia uholdeetatik babesteko proiektuaren 1. fasea, Abadiño parean, Laubideta eta Sarria ibaiak Ibaizabalekin bat egiten duen ingurunera arteko tartean, Traña-Matiena herrigunean.

Historikoki kaltebera izan den eremu batean uholdeak izateko arriskua murrizteko beharrari erantzuten dio jarduera honek; Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren (UAKP) aurreikuspenen barruan sartzen da. Plan horren lehentasunezko helburuak hauek dira:

  • plangintza hidrologikoa lurralde-antolamenduarekin eta babes zibileko planekin koordinatzea,
  • urpean gera daitezkeen eremuen okupazioa saihestea,
  • ibai-inguruneak klima-aldaketara egokitzea,
  • uholde-arriskua duten eremuetan bizi diren pertsonen segurtasuna handitzea,
  • eta aurrerantzean hiri-garapen iraunkorragoa sustatzea.

Lehentasunezko jarduera da, koherentea UAKPren helburuekin eta URAk ur segurtasunaren eta klima-aldaketara egokitzearen arloan hartutako konpromisoekin. Lehenengo fase honetan, Sarria ibaian aurreikusitako hiru esku-hartzeetako bi sartzen dira (Sarria 1 eta Sarria 2 izenekoak), eta obra hidraulikoak egitea aurreikusten da, ibilguaren ahalmen hidraulikoa hobetzeko, gainezkatze-arriskua murrizteko.

Jarduketaren aurrekontua 2,1 milioi eurokoa da (BEZa barne), eta, behin esleitutakoan, 12 hilabeteko egikaritze-epea aurreikusten da; epe horretan, Abadiñoko Udalak eta URAk elkarrekin lan egiten jarraitu beharko dute. Horri dagokionez, azpimarratu behar da URAk bere gain hartzen duela obren exekuzioa eta finantzaketa osoa; eta Abadiñoko Udalak bere gain hartu du beharrezkoak diren lurrak eskura jartzeko prozesua eta desjabetzeen ondoriozko kostuak ordaintzea.

Jarduketa bi erakundeek sinatutako lankidetza-hitzarmenaren pean zehaztu da. Akordio horren arabera, lan-programa bat ezarri zen datozen lau urteetarako, Traña-Matienan, Sarria eta Ibaizabal ibaien inguruan, uholde-arriskua murrizteko zenbait jarduketa gauzatzeko, 6,3 milioi eurotik gorakoak, bi aldeek ordaindu beharrekoak. ​​​

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top