DOT Durangaldea

Martxan Maiztegi Herri Eskolarako patio inklusiboaren proiektua

Guztira 1.741.829,64 euroko inbertsioarekin eta faseka gauzatuko da

Lanak kurtso hau amaitu ondoren hasiko dira

IURRETA | Iurretako Udalbatzak aho batez onartu du Maiztegi Herri Eskolako patioa osorik eraldatzeko proiektua, espazio hezitzaileagoa, inklusiboagoa, naturalagoa eta ikasleen egungo beharretara egokitua izan dadin. Proiektuak, hezkuntza-komunitatearekin modu parte-hartzailean garatua, jolastokiaren kontzeptu tradizionaletik haratago joatea du helburu.

Hiru fasetan garatuko da eta 1.741.829,64 euroko aurrekontua izango du. Egingo den lehenengo faserako, % 60ko dirulaguntza eskatu zaio Eusko Jaurlaritzari, 731.636,30 euroko inbertsioari aurre egiteko.

Oskar Koka alkateak dioen bezala “oso proiektu garrantzitsua eta polita da udalerriarentzat. Hala ere, behin baino gehiagotan esan dugun bezala, Jaurlaritzaren dirulaguntza behar dugu hori gauzatzeko. Herrian behar asko dago eta guztiak hartu behar dira kontuan “.

Jarduketaren barruan, Haur Hezkuntzako gunean eta ikastetxearen sarrerarako ibilbidean estalkiak eraikiko dira, espazio horiek euri-egunetan ere erabili ahal izateko. Horrez gain, esertzeko eserlekuak eta eremuak jarriko dira, lurrean bertan integratuta, atsedenerako nahiz hezkuntza-jardueretarako pentsatuta.

Beraz, proiektuaren bidez, ikastetxearen kanpoko espazioa berrantolatu ahal izango da, jolas librea, bizikidetza, berdintasuna eta naturarekiko harremana sustatzeko. Aurreikusitako esku-hartze nagusien artean berdeguneak sortzea dago. Hori guztia ikaskuntza, ongizatea eta inklusioa indartzen dituen ikuspegi pedagogikoarekin.

Proiektua hezkuntza-tresna gisa ere planteatzen da, jolastoki berria ikastetxearen beste baliabide bat bezala erabiltzeko pentsatuta egongo baita, metodologia aktiboak eta ikasleen garapen integrala bultzatuz.

Aurreikuspenen arabera, ikasturtea amaitu ondoren hasiko dira lanak, Eusko Jaurlaritzak proiektua finantzatzeko emandako laguntzaren baldintzapean. “Beti erakutsi dugu konpromiso sendoa proiektu hau aurrera eramateko, herritar guztiei mesede egingo baitie; izan ere, udal instalazioa denez, Iurretak espazio berri bat izango luke haurren gozamenerako” azpimarratu du Oskar Kokak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top