DOT Durangaldea

‘Leiduzu’ lehiaketaren sari banaketa ospatu da Zornotzan

Lehiaketan hiru kategoria bereiztu dira: LH 5-6koa, DBH 1-2koa eta DBH 3-4koa

Sariak ostegun honetan banatu dira

AMOREBIETA-ETXANO | Ostegun honetan, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, Leiduzu lehiaketaren sari-banaketa ospatu da, euskarazko irakurketa eta literatura sustatzeko helburuarekin antolatutako ekimena. Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko ikastetxeentzako antolatutako lehiaketako sariak banatu dira, eta 50 ikaslek parte hartu dute. Lanak euskarazko liburuen inguruko iruzkinak edo literatur-lanak izan dira, eta epaimahaiak lanen egokitasuna, zuzentasuna eta originaltasuna baloratu ditu.

Parte hartzaileek hainbat aukera izan dituzte euren sormena adierazteko: euskaraz irakurritako liburu bati buruzko 3 minutuko audio edo bideo iruzkinak, idatzizko iruzkinak edo antzezpen iruzkinak, bertso edo poesia iruzkinak…

Lehiaketa hiru kategoriatan antolatu da: LH 5-6DBH 1-2, eta DBH 3-4, baina, tamalez, azken kategoriako lanik ez da aurkeztu. Epaimahaiak saridunak aukeratzerako orduan, testuaren edo bideoaren egokitasuna eta zuzentasuna izan ditu irizpide nagusiak. Hala ere, lanen originaltasunari ere garrantzia berezia eman zaio, eta kategoria bakoitzean bi sari banatu dira, irizpide horiek guztiz kontuan hartuta.

Honako hauek izan dira saridunak: 

LH 5-6koen kategorianAne Mentxaka Aspiazu, Karmelitak ikastetxeko ikaslea, izan da irabazlea Bahiketa Jolas Parkean liburuaren bideo iruzkinagatik. Bere iruzkin argia, zuzena eta kamera aurrean erakutsitako jarrera nabarmendu du epaimahaiak. Kategoria honetan, Eder Trabudua Gutiérrez izan da txapeldunorde, Nur eta Afrikako Bidaia liburuaren bideo iruzkinarekin. Bestalde, Paule Furundarena Martínez-ek sari berezia jaso du, bideo originalena egin duelako Bukatu Dira Aitzakiak liburuari buruz.

DBH 1-2koen kategorianSare Muniozguren, Andramari ikastolako ikaslea, izan da irabazlea Ezekiel liburuaren bertso iruzkinagatik. Epaimahaiak bere lana nabarmendu du, irakurritako liburuaren protagonista deskribatzea eta gertaeren nondik norakoak azaltzeko modu eder eta egokiagatik. Bigarren saria Libe Zarazua-ri eman zaio, Andramari ikastolakoa, Onin eta Afrikarako Bidaia liburuaren idatzizko iruzkinagatik.

Saridunek Elkar liburu dendetan erosteko 150 euroko bonuak eskuratu dituzte, eta sariak irakurketa eta literatura sustatzeko aintzatespen eta motibazio gisa banatu dira. Gaurko ekitaldia herriko gazteen sormena eta euskararen erabilera sustatzeko ekintza garrantzitsua izan da.

Liburu banaketa liburutegian

Liburutegian, hainbat liburu banatu zaizkie hurbildu direnei, bai gaztelaniaz eta baita euskaraz ere. Gaztelaniaz, latinoamerikar literaturaren omenez, Gabriel García Márquezen “Cien años de soledad” liburua eman da, eta euskaraz, euskal literaturako izen handi bati aitortza egin nahi zaio, Bernardo Atxagari, “Sara izeneko gizona” liburua banatuz. Baina haur eta gazteek ere opari berezia izango dute. 12-18 urte bitartekoek, Mangako komiki bat euskaraz izango dute opari irakurketari heltzeko. 6-12 urte bitartekoek, “Zipotz” komikia, eta 0-6 urte bitartekoek, Miren Agur Meabe euskal idazlearen “Katta” bildumako ipuina. Liburu eta komiki hauek istorioen txokoetan ere izango dira eskuragarri, liburuak partekatzeko herrian zehar dauden armairu horietan, hain zuzen.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top